Gaur eta bihar artean egin ahalko dira ISBren Garagardo Azokako otorduetarako erreserbak

Andoni Elduaien

ISBren Garagardo Azoka, Azoka Plazan. (Guka)

Gaur eta bihar izango da ISBren Garagardo Azokako lehen asteburuan izango diren otorduetarako erreserbak egiteko aukera. Bihar zabalduko ditu azokak ateak, eta ISBk Sara Iparragirre eta Maria Otaegi jokalari ohiak omenduko ditu orduan.

Iraurgi Saskibaloiak bihar, ostirala, zabalduko du Garagardo Azoka, Azoka Plazan. Datozen bi asteburuetan egingo du ISBk Garagardo Azoka, eta ostiraletan afariak eta larunbatetan bazkariak nahiz afariak eskainiko ditu. Otordu horiek guztietarako erreserba egiteko aukera gaur, osteguna, 17:00etatik 19:00etara, eta bihar, ostirala, 17:00etatik azoka itxi bitartean izango dute herritarrek.

Azoka bihar irekiko dute 19:00etan, eta 20:00etan hasiko dira afariak ematen. 22:30ean, berriz, topa ofiziala egingo dute; izan ere, klubak Sara Iparragirre eta Maria Otaegi jokalari ohiak omenduko ditu orduan. Azken urteetan ISBren emakumeen lehen taldean aritu dira Iparragirre eta Otaegi, baina 2025-2026 denboraldia amaitzean saskibaloia albo batera uztea erabaki zuten.

Iraurgik bihar gaueko ekitaldi hori baliatu nahi du bi jokalariei eskerrak emateko. "Eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan egindako lanagatik eta klubari egindako ekarpenagatik. Iparragirre eta Otaegi azken urteetan emakumeen taldeak izan duen etapa bikainaren ohiko partaideak eta harrobiko erreferenteak izan dira", azaldu du ISBk. Hori dela eta, ISBk aitortza berezia egin nahi izan die bi kideei, "taldearekin partekatutako urteak eta egindako ekarpena eskertzeko". Omenaldi ekitaldi horren ondoren, 80ko hamarkadako musika jarriko dute.

Hona hemen Garagardo Azokaren aurtengo egitaraua:

Egitaraua:

Urriak 16, ostirala.

  • 19:00. Garagardo Azokaren irekiera.
  • 20:00. Afariak.
  • 22:30. Omenduen eskutik, topa ofiziala.
  • 23:00. 80eko hamarkadako musika.

Urriak 17, larunbata.

  • 13:00. Irekieria.
  • 14:00. Bazkariak.
  • 13:00-20:00. Garagardoak 2x1.
  • 20:00. Afariak. 
  • 23:00. Kanpax DJa.
  • 02:00. Itxiera ordua.

Urriak 23, ostirala.

  • 19:00. Irekiera.
  • 20:00. Afaria.
  • 23:00. Zabale eta Erkiziarekin erromeria.
  • 02:00. Itxiera.

Urriak 24, larunbata.

  • 13:00. Irekiera.
  • 14:00. Bazkariak prezio bereziak.
  • 14:00-20:00. Garagardoak 2x1.
  • 20:00. Afariak.
  • 23:00. Maikiño DJa.
  • 02:00. Itxiera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide