Luis Aguado: "Oso jarraitzaile finak ditugu, dena ematen duten horietakoak"

Aitziber Arzallus

Luis Aguado Cold Revenge taldeak Bergaran duen entsegu lokalean. (Cold Revenge)

Hogei bat urteko ibilbidean, bigarren estudioko lana kaleratu du Cold Revenge taldeak: Hemen gaude. Debagoieneko taldea da berez, hangoak dira taldekide gehienak, Luis Aguado (Azkoitia, 1989) bateria jotzailea izan ezik. Azpeitian bizi den azkoitiarra Gukarekin egon da lan berriaren nondik norakoak azaltzeko.

Cold Revenge taldeak 2004an hasi zuen ibilbidea, orain dela 22 urte. Erretiratu sekula ez zarete egin, baina azken urteetan nahiko isilik ibili zarete. Udako oporren ostean, ordea, sorpresa eman duzue, lan berria argitaratuta: Hemen gaude. Zer esan nahi du horrek, bueltan zatoztela?

Orain Cold Revengeko kide direnetako batzuek Genozidio taldea sortu zuten 2004an, baina 2009an aldaketak izan zituen taldeak, besteak beste, neu orduan sartu nintzen, eta taldeari ere izena aldatu eta Cold Revenge jarri genion. Erretiratu sekula ez gara egin, baina egia da urte batzuetan nahikoa isilik egon garela; tarteka kontzerturen bat edo beste eman izan dugu jaialdiren batean, baina beste talde batzuetan ere jotzen dugu eta... Hala ere, hor jarraitu dugu beti, eta Hemen gaude-rekin hori esan nahi izan dugu, guretzat hau ez baita moda kontua, bizitzeko modu bat baizik.

Zer moduzko harrera izaten ari da lana?

Lau abestiko EP bat da kaleratu duguna, momentuz Interneten entzun daiteke, baina biniloan kaleratzeko asmoa daukagu, eta harrera oso ona izan du. Oso jarraitzaile oso finak ditugu, kontzertuetan dena ematen duten horietakoak, batez ere Gipuzkoan, eta nabari da gogoa badagoela makarrismoa pixka bat berpizteko. -

Estudioko bigarren lana duzue Hemen gaude; bestea, De lo malo, lo peor, 2011n kaleratu zenuten. Bataren eta bestearen artean hamabost urte igaro dira; nolatan animatu zarete orain abesti berriak egitera eta grabatzera?

Lan batetik bestera hamabost urte pasatu dira, tartean sei bat urtez nahiko geldirik egon garelako. Berriz elkartzen hastea erabaki genuenean, ikusi genuen kantu berri batzuk behar genituela, lehengoak nahiko erreta zeudelako. Lan motz bat kaleratzea erabaki genuen, eta lau kantu sortutakoan Iruñeko estudio batean grabatu genituen. Horrek ez du esan nahi kantu gehiago sortuko ez ditugunik, poliki-poliki lanean jarraituko dugu, eta litekeena da hemendik denbora batera beste lan bat kaleratzea, edo ez; ikusiko dugu. Orain arteko lau kantuekin oso gustura gelditu gara, Cold Revengeren ikur den soinu indartsu hori lortu baitugu.

Cold Revenge taldeko kideak. (Cold Revenge)

"Punk-oi! mozkorra" izan da zuen betiko musika estiloa, eta fidel jarraitu diozue zuen estiloari; baina kantu berrietan antzematen al da hamabost-hogei urte joan direla?

Punk-oi! estiloa da gurea, eta esentzia horri beti eutsiko diogu. Mozkorkeria, berriz, gure kontzertuetan beti izaten da; egia da adinean aurrera goazela eta hori antzeman egiten dela baina... Kantuen hitzetan ere nabari da hori, aurreko diskokoak baino sendoagoak direla esango nuke; lehen, agian, gehiago jarduten genuen kaleko kontuez, eta oraingo hitzak serioagoak dira. Soinuari dagokionean, berriz, lehen baino hobeto jotzen dugu, baina estilo berari eutsi diogu, musika indartsua eta energia handikoa egiten.

Lan berria kalean denetik kontzertu batzuk emateko aukera izan duzue –Madrilen ere izan zarete–, eta badituzue beste batzuk lotuta. Ahalik eta kontzertu gehien ematea al da orain nahi duzuena? 

Berriz martxan hastea erabaki dugun arren, gure asmoa ez da astebururo hara eta hona ibiltzea. Nahita ere ezingo genuke, taldeaz gain bestelako betebeharrak ere baditugulako; adibidez, gure baxu jotzaileak Brigade Loco taldean ere jotzen du, eta talde horrekin kontzertu asko izaten ditu. Guk lasaiago hartu nahi dugu, musika egitea eta kontzertuak ematea asko gustatzen zaizkigun arren, ez direlako gure lanbidea. Urtean lau edo bost kontzertu eman nahi genituzke, eta horietan gustura jo. Esaterako, duela aste batzuk Madrilen izan ginen, Hortaleza auzoko okupatutako La Animosa zentro sozialean; Madrilgo bi taldek, Italiako batek eta guk parte hartu genuen jaialdian. Galizian-eta jotakoak gara, baina Madrilera joaten ginen lehen aldia zen, eta sekulako esperientzia izan zen.

Colde Revengeren Madrilgo kontzertua. (Cold Revenge)

Zeintzuk dira datozen asteetarako eta hilabeteetarako lotuta dituzuen kontzertuak? Urola aldera etortzeko asmorik bai?

Oraingoz pare bat hitzordu ditugu lotuta, biak Bergaran. Urriaren 23an, ostiralez, Kartzela Zaharrean egingo den Txiri Festen bosgarren edizioan joko dugu Fito Skins, No Limits eta Odolkiak Ordainetan taldeekin batera; datorren urteko ekainaren hasieran, berriz, Ekinez jaialdian izango gara. Ekinezeko hori egun oso berezia izango da niretzat, Cold Revengerekin ez ezik, In Your Face taldearekin ere joko dudalako. Azkoiti-Azpeitiko taldea da In Your Face, han ere bateria jotzen dut, eta urte asko daramatzagu geldirik. Dena dela, ez da itzulera bat izango, kontzertu hori bakarrik emango dugu. Eta horretaz gain, oso gertukoak ditugun beste hainbat taldek ere joko dute egun berean. Oraindik talde guztien izenak ez dituzte jakinarazi, eta ez noa ezer aurreratzera, baina sekulakoa izango da. Oraingoz bi hitzordu horiek ditugu lotuta, baina Urola nire etxea da, eta Cold Revengeren bigarrena. Azpeitian askotan jotakoak gara, Txarrantxan, Front Oi! Txiki Festen eta Gaztetxean hainbat alditan, eta aukera sortzen bazaigu, gustura joko dugu berriz ere.

Oso gazte hasi zineten musika egiten, eta hor jarraitzen duzue oraindik ere; beraz, esan daiteke punk-oi! musikak eta haren bueltako giroak izan duten bilakaeraren testigu zuzenak zaretela. Zeintzuk dira hogei urte hauetan antzeman dituzuen aldaketarik handienak? Nolakoa da gaur egungo panorama?

Urte batzuk gorabehera, taldekide guztiok adin tarte berekoak gara, eta denok ezagutu dugu Bardulia gorenean egon zen garaia; duela 20-25 urteko kontuak dira horiek. Cold Revenge orduan sortu genuen, In Your Face ere bai, eta beste talde asko eta asko ere orduan hasi ziren martxan. Ondorengo 10-15 urteetan, Gipuzkoan, indar handia izan zuen punk-skin mugimenduak, mugimendu horren urterik onenak izan ziren, eta barrutik bizi izan genuenongan betirako arrastoa utzi du horrek; niri hala utzi dit behintzat. Zaila iruditzen zait berriz garai haren antzekoak bueltatzea. Hala ere, atzetik etorri dira eta badatoz gazte makarrak, gazte horiek ari dira musika talde berriak-eta sortzen, eta mugimendua badago, nahiz eta garai hartan adinako indarrik ez eduki. Adibidez, Azpeitian azken urteetan talde dezente sortu dituzte, eta hori ikusteak sekulako poza ematen dit. Front Oi! Txiki Fest antolatzen eta egiten ere geu hasi ginen, eta nahiz eta dagoeneko utzita dauzkagun lan horiek, etorri dira beste batzuk eta hartu dituzte ardura horiek. Guk hasitako bideari beste batzuk jarraitu diotela ikusteak, oso harro sentiarazten nau.

Cold Revenge taldea, orain dela urte batzuk. (Cold Revenge)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide