Lursailak erosteko deialdia egingo du Azpeitiko Udalak

Iraia Oteiza

Joanes Amenabar zinegotzia eta Libe Solagaistua ingurumen teknikaria deialdiaren aurkezpenean. (Iraia Oteiza)

Deialdiaren bidez, jabeek beren lurrak saltzeko eskaintzak aurkeztu ahal izango dituzte; 25.000 euro bideratuko ditu udalak erosketetara.

Lurzoru ez-urbanizagarrian kokatutako lursailen jabeei zuzendutako deialdi irekia egingo du Azpeitiko Udalak, jabeek euren lurrak udalari saltzeko eskaintzak aurkez ditzaten. Deialdi berriaren bidez, herri lurren azalera handitu nahi du udalak, eta, horrekin batera, biodibertsitatea babestu eta leheneratu, bai eta basoen kudeaketa jasangarria sustatzeko jarduerak gauzatu ere. 25.000 euroko diru partida du udalak lursailak erosteko.

Joanes Amenabar zinegotziak eta Libe Solagaistua ingurumen teknikariak aurkeztu dute deialdi berria. Azaldu dutenez, lursailak erosteko planteamendu berria ezarri dute, baina udala lehendik ere ari zen horretan. Izan ere, Izarraitz inguruko hainbat partzelaren jabea da Azpeitiko Udala. Horietako asko duela 20 urte inguru eskuratu zituen, eta azken erosketak iazko abenduan egin zituen. Guztira 327 hektarearen jabe da udala. 

Udalaren arabera, ahal den neurrian, interes publikoaren zerbitzura egon behar dute halako lursailek. "Lurraren jabetza izateak garrantzi handia du lurraldea antolatzeko, biodibertsitatea babesteko eta leheneratzeko, basoen arteko loturak indartzeko eta basoen kudeaketa jasangarria sustatzeko", adierazi du Joanes Amenabar zinegotziak. 

Deialdia lehiaketa publiko bidez egingo du udalak, lursailen jabe guztiek baldintza berberetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Era berean, udalak azaldu du herri lur gehiago izateak aukera gehiago emango dizkiola natura babesteko eta ingurumenaren aldeko jarduerak garatzeko. 

Aurkez daitezkeen lursailak

Azpeitiko lurzoru ez urbanizagarrian kokatutako lursailak aurkeztu ahal izango dira salmentarako. Besteak beste, deialdira aurkezten diren lursailen ingurumen balioa eta kokapena hartuko ditu kontuan udalak. Honako hauek izango dira eskaintzak baloratzeko irizpide nagusiak:

  1. Udalaren herri lurren mugakide izatea, herriko lurren azalera handitzeko eta lursailen arteko jarraitutasuna indartzeko.

  2. Babes bereziko eremuetan kokatzea, bereziki Izarraitz Natura 2000 Sarean, Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean natur intereseko eremu gisa sailkatutako lurretan edo EAEko Korridore Ekologikoen Sarean identifikatutako eremuetan.

  3. Baso autoktonoa izatea eta natura balioak mantentzea, biodibertsitatea kontserbatzeko edo hobetzeko potentziala duen eremuei lehentasuna emanez. 

  4. Azalera handia izatea, habitat naturalen jarraitutasuna eta konektagarritasun ekologikoa sustatzeko.

  5. Ibaieder urtegiaren arroan kokatzea, inguruko basoen kudeaketa jasangarriaren bidez uraren kalitatea babesteko. 

  6. Iturburuak edo bestelako baliabide hidrologiko naturalak izatea, hala nola iturriak, erreka buruak edo ur masa natural iraunkorrak.

Lursailak baloratzeko orduan, irizpide teknikoek gehienez 70 puntu izango dituzte, eta prezioak 30 puntu. Eskaintza merkeenak jasoko du prezioaren atalean puntuaziorik handiena. Halaber, udalak gehienez ere 0,45 euro ordainduko ditu metro koadroko, eta prezio hori gainditzen duten eskaintzak baztertu egingo dira. Azaleraren erreferentzia, berriz, eskrituretan jasotakoa izango da, eta aurkeztutako eskaintza guztietan adierazi beharko da lursailean eraikinik dagoen ala ez.

Deialdira aurkezteko epeak eta moduak

Proposamenak aurkezteko epea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) deialdia argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta abenduaren 31ra arte egongo da zabalik. Proposamenak Azpeitiko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, bi modutan: zuzenean Erregistro Orokorrean, edo postaz. Postaz bidaltzen diren kasuetan, bidalketa data posta bulegoan egiaztatu beharko da, eta egun berean kontratazio organoari bidalketaren berri eman beharko zaio, fax bidez, telegramaz edo posta elektronikoz. Posta elektronikoz jakinarazteko helbidea kontratazioa@azpeitia.eus da. 

Dokumentuak bi gutun azal itxitan eta behar bezala sinatuta aurkeztu beharko dira. Aurreneko gutun azalean parte hartzeko behar diren administrazio agiriak sartu beharko dira. Bigarrenean, berriz, lurjabeak bere lurrak saltzeko egiten duen eskaintza ekonomikoa eta puntuazioa automatikoki kalkulatzeko erabiliko diren gainerako datuak. Era berean, gutun azaletan lizitatzailearen izen-abizenak agertu beharko dute, ondorengo testuarekin batera: 'Azpeitiko udalerrian landalurrak erosteko prozeduran parte hartzeko proposamena'. 

Basoak erosteko proiektuaz gain, basoen kudeaketa iraunkorrerako plan bat garatzen ere ari da udala. Tantai baso jabeen kooperatibari eskatu dio plana egiteko, eta urtea bukatzerako esku artean izango du. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide