Udal zerbitzuen koordinatzaile plaza oposizio bidez betetzeko deialdia, zabalik

Andoni Elduaien

Herritarren arreta zerbitzu bulegoa. (Udala)

Urriaren 22ra bitartean egin daitezke eskabideak udalaren egoitza elektronikoaren bidez edota herritarren arreta zerbitzuan. Udal zerbitzu operatiboen koordinazioaz eta antolaketaz arduratu beharko du hautatutako pertsonak.

Udal zerbitzuetako koordinatzaile plaza betetzeko hautaketa prozesua jarri du abian Azpeitiko Udalak. Lanpostua karrerako funtzionarioarena da, lanaldi osokoa, eta haren hautaketa oposizio lehiaketa bidez egingo du udalak. Hautatutako pertsona udal zerbitzu operatiboen koordinazioaz eta antolaketaz arduratuko da, besteak beste, mantentze lanez, udal eraikinen zein espazio publikoen zaintzaz eta herriko jarduera nahiz jaietarako azpiegituren muntaketaz.

Deialdi horretan izena emateko, hainbat baldintza bete beharko dira: batxilergoko titulua, teknikari titulua edo baliokidea izatea eskatzen da, baita B eta C motako gidabaimena izatea ere. Horrez gain, C1 mailako euskararen hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharko dute interesdunek, edota bestela, dagokion proba egin beharko du.

Udalak azaldu duenez, eskabideak aurkezteko epea urriaren 22an, ostegunez, amaituko da. Eskaerak udalaren egoitza elektronikoaren bidez edota herritarren arreta zerbitzuan egin beharko dira, azterketa eskubideen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztearekin bat.

Honako lotura honetan irakur daitezke deialdiaren oinarriak eta informazioa. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide