Eguraldi tristeari, trikiti giro alaia

Andoni Elduaien

Trikitilari gazteen eta helduen zubi lana egin du, beste urte batez, Trikigiro Egunak. Dozenaka soinu nahiz pandero jotzaile elkartu da plazaren bueltan, trikiti doinu zaharrak eta berriak eskaintzeko. Sanagustin kulturgunean egin dituzte afaria eta erromeria.

Trikigiro Eguna ospatu zuten atzo, ostirala, Azpeitian. Trikigiro elkarteak antolatuta, dozenaka trikitilari eta pandero jotzaile bildu ziren herriko plazan eta inguruko kaleetan, herria trikiti doinuekin alaitzeko asmoz.

19:00etan hasi zituzten plazatik taldetan banatuta zenbait kalejira txiki, baina euri langarra tarteko, kalejira erraldoia egin gabe utzi behar izan zuten. Sanagustin kulturgunean elkartu ziren atzo soinuarekin eta panderoarekin kalera atera zirenak, eta han eskaini zituzten zenbait pieza. 

21:00etan hasi zuten, bestalde, afaria. Sanagustin kulturgunean egin zuten atzo ere afaritako otordua 150 bat lagunek, eta gero erromeriarekin borobildu zuten festa. Areto horretako oholtza txikira igo ziren trikitilariak txandaka, eta handik eskaini zituzten era askotako piezak. Dantzara ere batu ziren zenbait trikitizale. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide