Zezen Beltz Asteburuko ekintzen bueltan elkartu dira zezenzaleak

Andoni Elduaien

Umeen sokamuturra eta Grand Prix-a egin dituzte gaur Azpeitian, XVII. Zezen Beltz Asteburuaren lehen eguna ospatzeko. Bihar, igandea, berriro egingo dute umeen sokamuturra eguerdian, eta arratsaldean, helduentzako entzierroa egingo dute Artzubiaren eta herriko plazaren artean.

Eguraldiak askorik lagundu ez badu ere, Azpeitiko zezenzaleek gogotik ospatu dute herriko zezenzale elkarteak antolatutako Zezen Beltz Asteburua. Haurrek zein helduek gozatu ahal izan dute egun osorako prestatutako egitarauaz.

Goizean, herriko txikienak izan dira protagonistak. Eguna hasteko, umeen sokamuturra egin dute Erdikalean, eta zezenaren aurrean jarrita korrika egin dute zenbaitek. Segidan, zezen txikiak eta poniak atera dituzte plazara, eta batzuk zezenari iskin eginez eta besteak ponien gainean pasieran ibili dira.

Arratsaldean, berriz, norgehiagoka kutsuko erronka hartu du Grand Prix-ak. Zezen plazan eskaini dute beste urte batez ikuskizuna. Zezena bueltan zutela, lehia ikusgarriak eskaini dituzte parte hartzaileek. Lau taldek parte hartu dute lehian; taldeka banatuta, hainbat jolas eta proba gainditu behar izan dituzte lehiakideek, zezenari iskin egiteko trebezia eta elkarlana uztartuz. Harmailak jendez gainezka zirela, bertaratutakoek gogotik animatu dituzte parte hartzaileak. Azkenean, antolatzaileek lau taldeak izendatu dituzte gaurko probako irabazleak, euripean denek egin duten ahaleginagatik. 

Bihar, gehiago

Gaurkoa amaituta, bihar izango du jarraipena Zezen Beltz Asteburuak. 12:30ean, gaur bezala, sokamutur txikia egingo dute Erdikalean, eta ondoren, zezen txikiak eta poniak aterako dituzte plazara. Ordu berean egingo dute paella dastaketa ere. Arratsaldean, berriz, helduen entzierroa egingo dute Artzubitik herriko plazara, eta plazatik Artzubira, eta hura amaitzean, bolaztatutako zezenak aterako dituzte Artzubian, 16 urtetik gorakoentzat.

(Argazkiak: sokamuturrekoak, Gorka Eizagirrerenak, eta Gran Prix-ekoak, Arnaitz Rubio Aprearenak)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide