Galdu eta irabazi, Lagun Onakeko bi talde nagusien asteburuko emaitzak

Nerea Uranga

Lagun Onaken Ohorezko Erregional mailako taldea, atzo Garmendipen. (Lagun Onak FT)

Espainiako Hirugarren Mailako eta Emakumeen Ohorezko Erregional mailako taldeek Garmendipe futbol zelaian jokatu dute asteburuan. Gizonen taldeak larunbatean galdu egin zuen Durangoren kontra. Emakumeen taldeak, aldiz, garaipena lortu zuen Goierri Gorriren aurka igande arratsaldean.

Etxean jokatu dute Lagun Onakeko bi talde nagusiek; gizonek galdu egin dute eta emakumeek irabazi. Larunbat arratsaldean jokatu zuen Espainiako Hirugarren Mailako taldeak Garmendipen Durangoren kontra, eta 1-2 galdu zuen.

Ondo hasi zuten jokoa Riberaren mutilek, eta 16. minutuan Urko Arozenak Durangoko atezaina gainditu eta gol ederra sartu zuen. Hori ikusita, Lagun Onak partidan jaun eta jabe izango zela pentsa zitekeen, baina 36. minutuan bisitariek berdinketa erdietsi zuten markagailuan. Partidan nagusi zen etxeko taldea, baina aurkarien atea ezin zulatuta aritu zen. Hala, atsedenera bana berdinduta iritsi ziren.

Bigarren zatiaren hasieran ere Lagun Onak nagusi agertu zen zelaian. 70. minututik aurrera epaileak txartel jokoa hasi zuen, eta Riberaren mutilek txartel hori bat baino gehiago jaso behar izan zituzten. Partida bukatzeko bost minuturen faltan, Markel Yudegok botatako baloiak atearen zutabea jo zuen, eta  behar bezala ezin izan zuten gola ospatu Lagun Onaken harmailetan. 85. minututik aurrera ere epaileek beren jokoarekin segitu zuten, eta Lagun Onakeko jokalari bat zelaitik aterarazi zuten elastikoa puskatuta zeukalako, bitarte horretan etxeko taldea jokalari bat gutxiagorekin utzita. Minutu horretantxe Durangok bere bigarren gola lortu zuen, markagailua haien alde jarriz, 1 eta 2.

Datorren asteburuan etxetik kanpo, Bizkaian, jokatu du Lagun Onaken gizonen talde nagusiak. Izan ere, denboraldiko zortzigarren jardunaldiko aurkaria Derio izango du. Urriaren 24an, larunbatean, 19:00etan izango dute norgehiagoka.

Atzo, garaipena

Emakumeen Ohorezko Erregional mailako Lagun Onakek, berriz, garaipena lortu zuen atzo, igandea, Garmendipen; 2-0 irabazi zioten Goierri Gorriri. Intentsitate handiko partida izan zen, eta hasieratik ondo heldu zioten jokoari Lagun Onakekoek. Lehenengo zatian, gol aukerak bi taldeek eduki zituzten, baina etxekoek gehiago; dena den, markagailua hutsean zela iritsi ziren atsedenera.

Atsedenetik bueltan, partidaren hasieran bezala hasi zuten zelaiko jokoa Lagun Onakekoek, eta gol aukera ugari eduki zituzten. Amane Iglesiasek defentsaren bizkarretik bi gol aukera garbi eduki zituen, eta azkenean, hirugarren saiakeran gola sartu eta markagailua 1-0 jartzea erdietsi zuen. 85. minutuan, berriz, area barruan falta egin zioten Amane Iglesiasi, eta penaltia Amane Goenagak sartu zuen. 2 eta 0ko garaipenarekin bukatu zuten partida Lagun Onakeko neskek.

Datorren asteburuan, urriaren 24-25ekoan, etxetik kanpo jokatuko du Lagun Onaken Emakumeen Ohorezko Erregional taldeak, Antiguoko B-ren kontra.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide