Udalak Angeluko hilketa matxista salatu du

Andoni Elduaien

Irailean bortxatua izan zen 19 urteko emakume batek bere buruaz beste egin zuen. Guztira, 138 hilketa matxista erregistratu dira Euskal Herrian, eta udalak azaldu du ez duela onartuko "giza eskubideen urraketarik".

Azpeitiko Udalak oharra kaleratu du gaur, astelehena, irailean bortxatua izan ondoren Angelun (Lapurdu) bere buruaz beste egindako "emakumearen erailketa" gaitzesteko. Bide batez, erakundeak bere elkartasuna adierazio die hildakoaren senitartekoei zein gertukoei.

Udalak azaldu duenez, aurten, bost hilketa matxista erregistratu dira Euskal Herrian, eta horrez gain, Irungo emakume bat ere hil zuen bikotekideak Zaragozan (Espainia). 2003tik, guztira, 138 hilketa matxista erregistratu dira Euskal Herrian. Datu horien aurrean, udalak "ozen" adierazi nahi izan du ez duela onartuko "giza eskubideen urraketarik" ez Azpeitian, ez beste inon ere, eta gaineratu du urraketen aurrean, herritarren ardura ere badela "modu aktiboan" jokatzea.

Emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazo" bat dela adierazi du udalak, emakumeak "kontrolpean eta mendean" izan nahi dituena. Indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea", esan du.

Udalak, gainerako erakunde publikoekin batera, berdintasunaren oinarriak "auzitan" jartzen dituen "arazo sozial larri" horri irtenbidea bilatzeko "lanean" jarraituko duela nabarmendu du. "Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu".

Inor gisa horretako erasoren baten aurrean aurkitzen bada, udalak honako telefonoetara deitzeko eskatu du: Gizarte Zerbitzuak (943-15 71 92), Udaltzaingoa (092 edo 943-15 13 13), Emakumeen Txokoa (688 75 10 00) eta Ertzaintza (112).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide