Euskadi sarietan jakiteko falta ziren lau sarituen berri eman du gaur Gasteizen egindako agerraldian, Eusko Jaurlaritzaren Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek. Ekitaldi horretan jakinarazi dute gaztelaniazko saiakeraren alorreko saria Mikel Aiestaran kazetari eta idazlearen Historias de Gaza: la vida entre guerras liburuak irabazi duela. Gazaren historia eta gaur egungo egoeraren kronika egiten du Aiestaranek saritutako liburuan. 2008. urteko ofentsibak eta 2023ko urriaren 7ko erasoa eta ondorengoak jaso ditu kazetaritza lanean. Liburua iazko apirilean kaleratu zuen Aiestaranek.
Euskadi sarietako epaimahaiaren arabera, "Aiestaranen lanak kazetaritzaren zorroztasuna eta kalitate literarioko narrazio-eraikuntza uztartzen ditu". Horrez gainera, gaurkotasuneko erreportajeen bilduma izatetik haratago, "Gazako errealitatea ulertzeko proiektu koherente eta bateratua" proposatzen du Aiestaranek Historias de Gaza: la vida entre guerras liburuan. Norbanakoen bizipenak eta kontakizunak jaso izanari ere balioa eman diote epaimahaiko kideek: "Gatazkaren erdian bizi diren pertsonengan jartzen du arreta, errealitate historiko eta politiko konplexu bati buruzko hurbilketa etiko eta gogoetatsua eskainiz. Heriotzak inguratutako testuinguruan ere, egileak bizitzaz hitz egiten du".
Aiestaranen lanaz gainera, Euskadi sarietako gainontzeko sarituak honakoak dira: Ixiar Rozasen Narrugorri liburuak irabazi du euskarazko literatura saria; Yolanda Arrietaren Zurtz lana haur eta gazte literaturako saritua izan da; Jon Gerediagak jaso du euskarazko saiakerako saria Izena eta izana lanarengatik; Kike Ibañezen El diablo sobre ruedas liburuak jaso du ilustrazioaren alorrekoa; Matias Mujikari eman diote euskarako literatura itzulpen saria Odisea lanarengatik; eta, Eli Tolaretxipik idatzitako Cuerpos pasajeros poema liburuak jaso du gaztelaniazko literaturaren saria. Euskadi sarien banaketa ekitaldia azaroaren 20an izango da, 18:00etan Bilboko Euskal Museoan.