Haurrak liburuetara gerturatzeko bi tailer eskainiko ditu Dorleta Kortazar gizarte hezitzaileak

Iraia Oteiza

Dorleta Kortazar gizarte hezitzailea. 

Azaroaren 17an eta 24 izango dira saioak, bata Dinamoan eta bestea Azpeitiko Udal Liburutegian. Guraso eta hezitzaileei zuzendutako ikastaroa izango da, eta parte hartzaileek haur zein gazteen irakurgaiak era egoki batean aukeratzeko gomendioak ezagutuko dituzte han. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da. 

Haurrak liburuetara gerturatzeko eta horien artean irakurzaletasuna sustatzeko, Nola aukeratu irakurgai on bat? tailerra eskainiko du Dorleta Kortazar gizarte hezitzaileak azaroan. Guraso eta hezitzaileei zuzendutako ikastaroa izango da, eta bi saiotan banatuta egongo da: lehenengoa azaroaren 17an izango da Dinamoa sormen gunean, eta bigarrena azaroaren 24an Azpeitiko Udal Liburutegian. Bi saioek bina orduko iraupena izango dute, 17:30ean hasi eta 19:30ean amaituko baitira. Ikastaroak liburuak ezagutzeko, marko teorikoa partekatzeko eta, batez ere, hausnarketak eta zalantzak argitzeko aukera emango du, haur zein gazteen irakurgaiak era egoki batean aukeratzeko gomendioak eta tresnak eskainiz. 

Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko liburutegiak elkarlanean antolatu dute ikastaroa. Haien esanetan, literaturak bizipenak modu seguruan esperimentatzeko eta bizitzarako garrantzitsuak diren tresnak eskuratzeko aukera ematen die haurrei, eta ikastaro honetan sinbolismoz eta jakintzaz betetako istorioak landuko ditu Kortazarrek. 

Formazioz gizarte hezitzailea eta gizarte eta kultur suspertzailea da Dorleta Kortazar. Gazteriaren arloan 27 urtez lanean ibili da, eta ipuinak kontatzen dihardu azken 9 urteetan. Helduei, haurrei nahiz nerabeei zuzendutako saioak egiten ditu, eta horietan berak sortutako ipuinak, ipuin tradizionalak eta egile berrienak kontatzen ditu. Ipuinei lotutako jaialdi garrantzitsuetan parte hartu izan du, eta Euskal Herriko txoko anitzetan izan da ipuin kontalari. 

Azpeitiko saioetan parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman beharko dute honako lotura honetan, 5 euroren trukean. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide