Etxekolan zerbitzua sortu du Azpeitiko udalak, zaintzan eta etxeko lanetan aritzen diren langileei eta horiek kontratatu nahi dituzten herritarrei aholkularitza juridikoa emateko. Sektore horretan aritzen den emakume talde baten eskaeraz landutako proiektua da, eta udalak bidelagun izan ditu Iraurgi Berritzen garapen agentzia eta SOS Arrazakeria elkartea. Atzo arratsaldean azaldu zituzten zerbitzu berriaren nondik norakoak Nagore Alkorta alkateak, Malen Aldalur Parekidetasun teknikariak eta Emilia Paredes zaintzan eta etxeko lanetan aritzen diren langileen ordezkariak, udaletxean egindako aurkezpenean.
Zaintzan eta etxeko lanetan aritzen diren langileen jarduna ezinbestekoa dela aitortuz hasi zuen aurkezpena Alkortak, nahiz eta nabarmendu praktika okerrak ohikoak direla sektore horretan; esate baterako, langileak kontraturik gabe izatea. Paredesi eta haren kideei eskerrak eman zizkien euren beharrekin eta eskaerekin udalera jo izanagatik, horrek aukera eman dielako bizi duten egoeraren berri zuzenean jasotzeko. Eta zehaztu zuen Etxekolan zerbitzuaren helburuak direla zaintzan eta etxeko lanetan jarduten dutenei daukaten balioa aitortzea, langile horien eskubideak bermatzea eta kontratatu nahi dituzten familiak informatuta izatea. Ildo beretik, Paredesek eskerrak eman zizkien alkateari zein udalari euren eskaerak entzuteagatik eta zerbitzu berria sortu izanagatik.
Etxekolan zerbitzuaren zehaztapenetan sartuta, Aldalurrek azaldu zuen esparru horretara bideratutako orain arteko zerbitzuak osatzera datorrela Etxekolan. Hau da, Iraurgi Berritzenen lan orientazio zerbitzuari eta lan poltsari eutsi egingo diote, eta eutsi ez ezik, horiek gehiago ezagutarazten ere saiatuko dira, oso baliagarriak direla iritzita. Etxekolan zerbitzuaren berrikuntza nagusia, beraz, aholkularitza juridikoa izango da.
Zerbitzu hori SOS Arrazakeria elkarteko kideek eskainiko dute, azaroaren 4an hasita, bi astean behin, asteazken arratsaldeetan, 16:00etatik 19:00etara, Emakumeen Txokoan. Zehazki, lan eskubideen, kontratuen eta lan baldintzen inguruko aholkularitza emango diete zaintzan eta etxeko lanetan aritzen diren langileei eta horiek kontratatu nahi dituzten herritarrei. Aurrera begira, zaintzan aritzen diren langileen talde bat sortzeko asmoa ere badutela azaldu zuen Aldalurrek, ahalduntze indibidual eta kolektiboa sustatzeko.
Hitzordua hartzeko
Dagoeneko badago aholkularitza zerbitzurako hitzordua hartzeko aukera emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688 75 10 00 telefono zenbakira deituta. Era berean, Iraurgi Berritzenekin edo Gizarte Zerbitzuekin harremanetan dauden herritarrek hitzordua zuzenean eskatu ahal izango dute eragile horien bitartez.
Iraurgi Berritzenek ematen duen lan orientazioari eta lan poltsari buruzko aholkularitza jasotzeko, berriz, 688 75 95 90 zenbakira deitu beharko dute herritarrek, edo bestela, Plaza Txikian duen egoitzara jo, Udaltzaingoaren goiko solairura, Sindikatu Zaharrera.