Urola Kostako eremu funtzionaleko plan partziala aurkeztuko dute hilaren 28an, Azpeitian

Nerea Uranga

Azpeitia goitik ikusita. (Guka)

Urola Kostako eremu funtzionalen plan partziala 2050. urtera arte egongo da indarrean. Plan horrek aukera emango du erabakitzeko etxebizitzak eta jarduera ekonomikoak non egin, naturguneak nola babestu eta udalerriak klima aldaketaren ondorioetara nola egokitu. Herritarrei planaren hasierako onespena aurkezteko batzarra datorren asteazkenean egingo dute, 18:00etan, Azpeitiko Basazabal jauregian.

Joan den asteartean Urola Kostako udalerrietako ordezkariei aurkeztu zieten Urola Kostako eremu funtzionalen plan partzialaren hasierako onespena Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako zuzendaritzako teknikariak eta plana idatzi duen taldeko kide batek. Orain, berriz, herritarrei aurkezteko saioa egingo dute urriaren 28an, asteazkenean, 18:00etatik 20:00etara, Azpeitiko Basazabal jauregian. Diputatuak nabarmendu du plan horrek, aukera emango duela erabakitzeko etxebizitzak eta jarduera ekonomikoak non egin, nola babestu naturguneak eta nola egokitu udalerriak klima aldaketaren ondorioetara.

Aldundiko arduradunen arabera, eremu funtzionalen plan partziala 2050 urtera arte egongo da indarrean eta bost konpromiso biltzen ditu, honakoak dira:  "Etxebizitza eskuragarriak eta erabilgarriak bermatzea; hondatuta dauden eremuak berritzea, lur gehiago hartu eta zabaldu aurretik, lehendik dauden lurrak aprobetxatzea; kostaldearen eta barrualdearen arteko oreka lortzea, Zarautz eta Azpeitia gune nagusi gisa indartuz, baina landa eremuetako udalerrietan ere zerbitzuak eta aukerak bermatuz; eskualde barruko eta Donostialderako loturak hobetzea; eta plangintzatik ekintzetara pasatzea, hartutako konpromisoen jarraipena eginez".

Laster, planaren jendaurreko informazio aldia abiatuko da, herritarrek plana aztertzeko eta iritzia emateko aukera izan dezaten. Diputatuak udalerrietako ordezkariak, eragileak nahiz herritarrak proposamenak eta alegazioak aurkeztera animatu ditu, "zatikako planaren hasierako onespenaren proposamena hobetzeko". Horregatik, datorren asteazkenean, urriaren 28an, Basazabalen (18:00) egingo dute batzarrera joatera animatu ditu herritarrak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide