Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta, azaroaren 1ean, igandez, egingo dute Udazkeneko Argazki Rallya. Aurtengoa, sariketaren 47. edizioa izango da, eta azken urteetako dinamika bera jarraituta egingo dute. Egunean bertan irekiko dute izen-ematea, eta argazkiak ateratzeko gaiak ere orduan jakinaraziko dituzte.
Ohi bezala, kamera digitala eta memoria txartela dituen edonork parte har dezake hitzorduan, eta izen-ematea doakoa izango da. Herritarrek Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan, Dinamoa sormen gunean, eman ahal izango dute izena, 09:00etatik 09:30era. Jarduera 14:00etan amaituko da, baina argazkilariek 13:00etatik aurrera txartelak husteko aukera izango dute Dinamoan bertan. Amaitzean, gehienez, 36 argazki aurkezteko aukera izango dute argazkilariek. Irudiak ezabatzeko aukera izango dute, baina ez horiek manipulatzekoa. Argazki elkarteak jakinarazi duenez, epaimahaiak "irudien berezkotasuna, sormena eta teknika" hartuko ditu kontuan epaia ixterakoan.
Hainbat gai proposatuko dizkiete argazkilariei rally-aren hasieran, eta partaideek gai bakoitzeko argazki bat aukeratu beharko dute. Ondoren, azaroaren 5a baino lehen, elkartearen helbidera bidali beharko dituzte. Honako hau da helbidea: argazkiakaae@gmail.com. Mezuan, partaidearen zenbakia eta aukeratutako argazkien zenbakia zehaztu beharko dira. Partaideek irudi guztiak JPG formatuan aurkeztu beharko dituzte.
Sariak bildumarik onenentzat
Argazki elkarteko kideek hainbat sari banatuko dituzte udazkeneko rally-an parte hartzen dutenen artean. Bilduma onenaren saria jasotzen duenak 150 euro eta oroigarri bat jaso ditu; bigarren bilduma onenaren egileak, berriz, 120 euro eta garaikurra; hirugarrenak, 90 euro eta garaikurra. Gainera, saritu gabeko lehen herritarrak 70 euro eta garaikurra irabaziko ditu, eta rallyko argazki onenaren egileak 50 euro eta oroigarria. Sari banaketa azaroaren 12an egingo dute, 21:00etan, Dinamoa sormen gunean.