Atzo jokatu zuten, Etxebarrin (Bizkaia), 2026ko Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa Nagusirako sailkapen kanporaketa. Bi txandatan banatuta, 11 aizkolari lehiatu ziren finalerako sei tokien bila, eta finalaren atarian gelditu zen, ezustean, Mikel Larrañaga, iazko txapelketan hirugarren postua eskuratu zuen aizkolaria.
Lehen txandan lehiatu zen atzoko kanporaketan Larrañaga, eta txanda horretatik irten ziren azaroaren 22an Zumarragako (Gipuzkoa) finalean ariko diren sei aizkolarietatik lau. Iker Vicente egungo txapelduna izan zen kanporaketako guztien artean lanak bukatzen azkarrena (17.07). Txanda berean lehiatuta, Vicenteren atzetik sailkatu zen, zazpi segundora, Julen Alberdi Txikia IV.a (17.14); lehen txandako zein kanporaketako hirugarren denbora onena egin zuen Hodei Ezpeletak (18.05), eta txanda berean laugarren denbora onenarekin (18.17) lortu zuen finalerako txartela Eneko Otañok. Larrañaga bosgarrena izan zen lehen txandan, baina denera zazpigarren marka izan zen berea (19.30); bigarren txanda jokatu zuten Arkaitz Etxebestek (18.53, bosgarrena) eta Ibai Soroak (19.09, seigarrena) aurrea hartu zioten.
Atzo azken bi tokietan gelditu ziren Julen Gabirondok eta Julen Kañamaresek, berriz, maila galdu dute.