Laugarrengoan, garaipena

Andoni Elduaien

Gonzalo Diaz izan zen taldeko onena. (Mikel Amenabar Otola)

Biele ISBk Sol Girones Bisbal Basquet taldea hartu du mendean, Azpeitiko kiroldegian. Sailkapeneko azken postuak utzi ditu Gorka Atxalandabasoren taldeak.

Biele ISBk denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen atzo, igandea. Azpeitiko kiroldegian jokatu zuen Gorka Atxalandabasok zuzendutako taldeak sasoiko laugarren norgehiagoka, eta otsoek 85-80 menderatu zuten Sol Girones Bisbal Basquet taldea.

Otsoek sasoiko lehen garaipena zuten helburu, eta indartsu kantxaratu ziren. Aurreneko hamar minutuak jokatzerako hamar puntuko tartea zabaldu zuten-eta Atxalandabasorenek markagailuan (26-16). Nolanahi ere, atsedenaldiaren aurretik bisitariek lehia parekatzeko asmoa garbi azaldu zuten, eta pixkanaka-pixkanaka aldeak murriztera egin zuen. Hala, atsedenaldira lau puntuko abantailarekin heldu zen Biele ISB (43-39). 

Bigarren zatian, parekotasuna gailendu zen ezeren gainetik. Saskiaren aurrean asmatzeak urrearen adinako balioa zuen, eta azkenean, gehien asmatu zuenak lortu zuen garaipena. Kanpoko taldeak lehia berdindu zuen hirugarren laurdenaren erdian (56-56), baina une horretatik aurrera otsoek berriz ere tartea zabaltzeko lan egin zuten; baita lortu ere. Azken laurdena jokatzeko zutela, sei puntura ihes egin zuten ISBkoek (64-58).

Lehia azken laurdenean sartu zenean, ISBk garaipena lortuko zuen traza guztia hartu zuen partidak. Hamar puntuko errenta ere zabaldu zuen, eta abantaila horren gorabeheran ibili ziren une luzez. ISB Gironako taldea baino finago aritu zen une erabakigarrietan, eta hala, urteko lehen garaipena eskuratzeko modua egin zuen Atxalandabasoren taldeak. 

Atzo, Gonzalo Fernandez eskolta nabarmendu zen ISBn. Andaluziarrak hemeretzi puntu saskiratu zituen, hemezortzi puntuko balorazioa eskuratzeko. Datorren igandean jokatuko dute hurrengo jardunaldiko partida, Castellon (Herrialde Katalanak). 12:00etan hasita, Amics Castello taldearekin neurtu beharko ditu indarrak Biele ISBk. Garaipen bana izanda, sailkapeneko beheko postuetan dauden bi talderen arteko lehia izango da igandekoa. 

Emakumeek, atsedena

Domusa Teknik ISBk, bestalde, atseden hartu du asteburuan. Dynn Leaupepe Samoako selekzioarekin ari da lehiatzen FIBA Polinesia Kopa, eta haren hutsunea tarteko, MCR Lima Horta Barcelonaren aurkako laugarren jardunaldiko partida abendura atzeratu behar izan dute. 

ISBko emakumeek ere Castelloko talde baten aurka jokatu beharko dute ligako bosgarren jardunaldiko partida. Datorren zapatuan, 18:00etan, Fustecma NBF Castello izango dute arerio Asier Larrañagarenek, Azkoitiko Elkargunean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide