Etxebizitza Sindikatu Sozialistak aurreneko asanblada egin zuen joan zen ostiralean Azpeitian, datorren azaroaren 11n izango den greba orokorraren harira, eta dozenaka herritar bildu ziren Azoka Plazako aretoan etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio egun hori prestatzen hasteko. Aurreneko bilera eginda, datorren ostiralerako deitu dute bigarren asanblada, eta aurrekoan bezala, Azoka Plazako goiko solairuko aretoan elkartuko dira, 18:30ean.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak "espekulatzaileen desjabetzea, espekulazioaren debekua eta etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea" defendatuko du greba orokorrean, eta horretarako, asanbladak prestatu ditu Euskal Herriko 80 herritan zein auzotan; tartean, Azpeitian. Asanbladen bidez, herritarrak mobilizatu nahi dituzte, baita antolakuntza sustatu eta greba eguna antolatu ere, azaroaren 11n herritarrek greban parte har dezaten. Hori horrela, bileretan grebari buruzko planteamendua ari dira osatzen, eta egin beharreko lanak banatzearekin batera.
Sindikatuak beharrezkotzat jo du langile klasea grebara mobilizatzea, egun horrek erantzun "zabala" izan dezan espekulatzaileen, errentatzaileen eta "haien zerbitzura dauden politikarien" aurka. Hori horrela, herritar oro deitu dituzte asanbladan parte hartzera.