Gazi-gozoa izan da asteburua Lagun Onakentzat. Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen duten gizonek ez zuten Deriotik puntu bat bera ere ekartzerik lortu zapatuan; aldiz, Donostiatik jokoan ziren hiru puntuak ekartzea lortu zuten atzo Ohorezko Erregional Mailan jokatzen duten emakumeek.
Jose Luis Riberaren jokalariak, oraingoan ere, irabazten hasi ziren, baina galdu egin zuten, azken lau jardunaldietan bezala. Lehen minutuetan bi taldeetako inork ez zuen nagusitasunik erakutsi zelaian, baina 12. minutuan Yudegok lehen gola sartzea lortu zuen, eta horrela, markagailuan aurretik jartzea. 27. minutuan, baina, Lagun Onaken kontrako penaltia agindu zuen epaileak, eta berdinketaren golak min handia egin zion Azpeitiko taldeari.
Bigarren zatian, kosta egin zitzaion Lagun Onaki zelaian bere lekua hartzea, eta horretan ari zela, 53. minutuan, kontrako bigarren gola jaso zuen. Hortik aurrera, Ribera saiatu zen aldaketekin-eta markagailuari buelta ematen, baina ez zuen esperotako emaitzarik lortu. Horrenbestez, 2-1 iritsi ziren partidaren bukaerara, eta han gelditu ziren jokoan zeuden hiru puntuak.
Emakumeak, aldiz, indartsu zelairatu ziren Antiguokoren kontrako partidan, eta 5. minutuan lehen gola egitea lortu zuten. Joane Kortak presioa eginez bandan harrapatutako baloi batekin hasi zuten jokaldia, hark Amane Iglesias bilatu zuen area barruan, eta Iglesiasek gola sartzea lortu zuen. Bigarrena ere berehala etorri zen. Ateko sake batean baloia harrapatu, ezker aldeko bandatik eraso egin, eta aldaratzean baloia Iglesiasen oinetara iritsi zen berriro, eta ez zuen barkatu. Hirugarren gola ere lehen zatia bukatzerako egin zuten: Iglesiasen presioaren ondorioz, Antiguokoko jokalari batek bere atean sartu zuen.
Bigarren zatian, Donostiako taldea hobeto sartu zen jokora, eta lehenengo bost minutuetan bi gol egin zizkion Azpeitikoari. Hortik aurrera, partida nahiko eroa izan zen, baina markagailuan zuen aldeari eustea lortu zuen Lagun Onakek eta partida 2-3 bukatzea.