Mamen Etxanizek (Azpeitia, 1961) Pirinioak alde batetik bestera zeharkatu zituen iaz, GR10 ibilbidea eginez. Ekainaren 5ean abiatu zen Banyulsetik (Okzitania), eta uztailaren 18an iritsi zen Hendaiara (Lapurdi), ibilaldia bakarrik eginda. Ostiralean, Azkoitiko Elkargunean, esperientzia horren berri emango du Transpirenaika izeneko hitzaldian, 18:00etan hasita. Mendiko paisaiez eta bidean bizitako pasadizoez gain, mezu argi bat helarazi nahi du: norberak dituen baliabideekin, eta bakoitzak bere erritmoan, beti dago erronka berriei heltzeko aukera.
Zer da Transpirenaika? Zer ibilbide egin duzu zehazki?
Transpirenaika Pirinioak alde batetik bestera zeharkatzea da. Nik GR11 ibilbidea Espainiako aldean egin nuen 2022an, eta iaz, berriz, Frantziako GR10a osatu nuen. Ekainaren 5ean abiatu nintzen Banyulsetik, Mediterraneo aldean, eta uztailaren 18an amaitu nuen ibilaldia Hendaian. Bi ibilbideak oso desberdinak dira. Frantziako aldean, adibidez, Euskal Herrian nengoela iruditzen zitzaidan, paisaia oso berdea delako. Espainiako aldekoarekin alderatuta, ur eta baso askoz gehiago dago.
Bakarrik egin al duzu zeharkaldia?
Bai, bakarrik. Hala ere, bidean jende askorekin egin dut topo, alde batera zein bestera zihoazen mendizaleekin. Gehienek mendebaldetik ekialdera egiten dute ibilbidea, Hendaian hasi eta Banyuls aldera. Niri, ordea, etxera itzultzea gustatzen zait; horregatik hasten naiz ekialdean, eguzkia bizkarrean dudala, modu horretan bidea ere hobeto ikusten dudalako. GR11 ere noranzko horretan egin nuen.
Nola sortu zitzaizun GR10a egiteko ideia?
Duela hamar urte baino gehiago, Jakatik [Espainia] Azpeitira oinez itzultzea pentsatu nuen, eta GR10aren zati bat egin nuen horretarako. Hamahiru egun inguru behar izan nituen. Bidean lagun batzuekin egin nuen topo, eta azkenean, Donostiaraino iritsi ginen. Ordutik, beti esaten nuen ibilaldi hura amaitu nahi nuela.
Duela bi urte, abuztuan, 3.000 Ibones ibilaldia egin genuen, Frantziatik sartuta eta GR10 ibilbidetik igarota. Lagunei esan nien ibilbide hura osorik egin nahi nuela, eta buruan zerbait sartzen bazait, egin arte ez naiz lasai egoten. 2024ko abuztuan hartu nuen erabakia, eta 2025eko ekainean eta uztailean egin nuen zeharkaldia.
Nola antolatu zenuen hain ibilaldi luzea?
Gaur egun, Interneten informazio asko dago, eta Pirinioetako ibilbideei buruzko aldizkariak ere badaude. Frantziako zatia prestatzeko, Frantziako mendizaleen federazioaren webguneak erabili nituen. Zonalde bakoitzeko mapak eta track-ak deskargatu nituen, eta lo egiteko lekuak ere bilatu nituen.
Harritu egin ninduen Frantziako ibilbidea Espainiakoa baino errazago antolatu ahal izateak. Gainera, mendizaleentzako informazioa eta komunikazioa oso ondo antolatuta daude han. Telefono zenbakia ematen duzu, eta WhatsApp talde batean sartzen zaituzte. Horrela, elurrari, bidearen egoerari edo beste edozein gorabeherari buruz galdetu dezakezu. Jendeak erantzun egiten du, eta ez zara bakarrik sentitzen. Informazioa eguneratuta dago.
Zer aurkitu duzu bidean? Zer harritu zaitu gehien?
Ibilbidea oso bizirik dagoela ikustea izan da ezusteko handienetako bat. Egunero hamabost edo hogei mendizale ingururekin egiten nuen topo, guztiak ibilbide bera egiten. Herritarren eta mendizaleen arteko harremana ere oso polita da. Bidean dauden txaboletan janaria uzten dute ibilaldia egiten ari direnentzat: atun, sardina eta antxoa latak, esnea, gazta... Hartzen dena apuntatu, eta dirua utzi behar da kutxa batean. Oso polita iruditu zait mendizaleak horrela zaintzea.
Une gogorrak ere izango zenituen. Zein izan da erronkarik handiena?
Beti hasten zara gogo handiz, dena ondo antolatuta duzula. Baina lehenengo egunean bertan jaso nuen lehen zaplaztekoa: leher eginda amaitu nuen. Lo egiteko leku urrunago batera iritsi nahi nuen. 25 kilometro egin ondoren, beste zortzi kilometro egin nahi nituen, baina konturatu nintzen ezin nuela hala jarraitu. Egun batean hogei kilometrotik gora egitea gehiegi zen niretzat, eta lo egiteko lekua distantzia horren arabera bilatu behar nuela ikusi nuen.
Beste une gogor bat beroarekin lotuta egon zen. Ekainaren amaieran, Andorrara iritsi aurretik, bero handia egin zuen. Baso handia zeharkatu nuen, hezetasun handikoa, eta egun hartan, 1.800 metroko desnibela zuen etapa luzea egokitu zitzaidan. Lepora ur gutxirekin iritsi nintzen, ura neurtzen. Gogorra izan zen.
Zer eman dizu esperientziak, mendizale gisa eta pertsona gisa?
Esperientzia honekin, mendian beti ikasten jarraitu behar dela ikusi dut. Askotan pentsatzen dugu urteekin gauzak errazago egingo ditugula, baina urtero zaharragoak gara, eta gero eta lasaiago hartu behar ditugu gauzak.
Urtero gauza bera gertatzen zait: sekulako indarrarekin ateratzen naiz, baina mendiak beti jartzen nau nire lekuan. Mendian, egunero berriro hasi behar izaten da; aurreko egunetan egindakoak ez du balio izaten hurrengo egunean. Goizean jaikitakoan, hutsetik hasi behar da berriro.
Horregatik, errespetuz ibili behar da, aurreko lorpenekin gehiegi harrotu gabe, eta berriro egiteko gai izango zarela ziurtzat hartu gabe. Hala ere, aspaldiko urteetan izan dudan gogobetetze handiena eman dit ibilaldi honek, oso ederra izan baita.
Ostiralean, Azkoitian, zer aurkituko dute hitzaldira joaten direnek?
Anaitasuna mendi bazkunak antolatutako hitzaldietara, askotan, mendizale teknikoak eta oso prestatuta daudenak joaten dira. Ikusleek, batzuetan, pentsatzen dute eurek ezingo luketela hizlariak egindakoa egin. Nik, ordea, beste mezu bat eman nahi dut. Emakumea naiz, bakarrik egin dut ibilaldia, 65 urte ditut eta erretiratuta nago. Baina 65 urterekin ere, pertsonak asko izaten du oraindik emateko. Lotsak eta beldurrak etxean utzi, eta animatu egin behar da. Berrogeita bost egun? Ez da ezer gertatzen. Bakoitzak bere denbora behar du. Ondo antolatzea, norberaren erritmora joatea eta aurrera egitea dira garrantzitsuenak.