Ikasturtearekin batera ekin zioten eskola kirolari, eta dagoeneko martxa bete-betean ari dira. Adinaren arabera, batzuk, txikienek, Jolashezi programan parte hartzen dute; eta besteek, gaztetxoek, Multikirol programan. Jolashezin hemezortzi talde osatu dituzte, Multikirolean 46, eta denera 500 haur eta gaztetxo ari dira eskola kirolean parte hartzen.
Astelehenetik ostiralera, bina saio egiten dituzte guztiek; asteburuetan, berriz, ikasturte guztian hiru saio egingo dituzte Jolashezikoek –dagoeneko bat egin dute; eta hemeretzi Multikirolekoek –dagoeneko hiru egin dituzte–. Topaketa horietan, ohi bezala, Errezilgo eta Azkoitiko ikasleek ere parte hartuko dute, eta aurten lehen adiz, baita Zestoakoek ere. Arduradunek nabarmendu dute topaketa horietan herriko kirol taldeen ezinbesteko laguntza izango dutela.
Berrikuntzarik ere badute aurtengoan; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak handitu egin du eskola kirolera bideratutako aurrekontua, irizpide berriak ematearekin batera. Horri esker, kuotak jaisteko aukera izan dute: Jolashezikoek 30 euro ordainduko dituzte, Multikirolekoek 60 euro, eta bekaren bat jasotzen duten ikasleak salbuetsita egongo dira kuota ordaintzetik. Horrez gain, hezitzaile kopurua inoiz baino handiagoa izango da, eta guztiak lan kontratupean ariko dira.