Itsasi euskal kultur taldekoek lehen pausoak 1976an eman zituzten, eta, urtebete geroago, 1977an, egin zuten jendaurreko lehen agerraldia. Bost hamarkadatan egindako ibilbidea ospatzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte aurtengo azarotik datorren urteko azarora bitartean, eta azpimarratu dute herri osoarekin batera ospatu nahi dutela mende erdiko ibilia, "Itsasirentzat zein Azpeitia osoarentzat oso berezia den mugarria delako". Aurreneko hitzordua azaroaren 14rako antolatu dute, egun osoko egitaraua izango duen Itsasi Egunarekin.
Bost hamarkadatan euskal dantza, tradizioa eta belaunaldien arteko transmisioa sustatzen jardun du Itsasik, "etenik gabe". Baina 50. urtemuga ez dute nahi talde barruan bakarrik ospatzea: "Herri osoarekin batera partekatzea eta bizitzea nahi dugun jai kolektiboa izatea nahi dugu". Horretarako, azaroan hasi eta urte osoan luzatuko den "egitarau dinamikoa eta askotarikoa" prestatu dute.
Itsasi Eguna, hasiera
Azaroaren 14an egingo duten Itsasi Egunarekin hasiko dituzte 50. urtemugako ospakizunak. Egun horretarako, egitarau betea prestatu dute. 11:30ean suziria botata hasiko dute Itsasi Eguna. Segidan, dantzari txikien kalejira eta dantza saioak izango dira herriko kaleetan, eta 13:00etan, dantza jauziak, plazan. Ondoren, 14:30ean, dantzariak, dantzari ohiak eta Itsasiko kide hainbat bilduko dira Azoka Plazan bazkaltzeko. Itsasi Eguneko bazkarian parte hartzera egungo taldekideak zein taldekide ohi guztiak gonbidatu dituzte. Bazkarirako izena azaroaren 6a baino lehen eman beharko da, honako galdetegia beteta. Bazkalondoan, berriz, herri osora zabalduko dute ospakizuna, Iratzar taldearekin plazan egingo duten erromeriarekin.
Itsasi Eguna izango da 50. urteurreneko ospakizunetako lehen urratsa, eta hortik aurrera, urtaro bakoitzerako hitzordu bana antolatu dute. Neguan, Zuberoako maskaradak bertatik bertara ezagutzeko formazio bidaia bat egingo dute Itsasiko taldekideek. Maiatzean, udaberriarekin batera, berriz, Itsasiren 50 urteko historia bilduko duen argazki eta euskal arropa erakusketa jarriko dute Betharrametako aretoan. Udaberriko hitzorduaren segidan, Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruko emanaldia eskainiko du taldeak uztailaren 3an. Ordurako prestatuko dute ikuskizun nagusia, hain zuzen ere, bost hamarkadako bidean kide izandako dantzariak eta musikariak agertoki gainean elkartuz.
Horrez gainera, datorren udan, nazioarteko folklore jaialdi batean parte hartzeko aukera izango dute Itsasikoek, baina ez dute zehaztu zein jaialdi izango den. "Ziurrenik San Inazio jaien ondoren izango den jaialdi batean parte hartuko dugu Europako herrialderen batean", esan dute. Era horretako bidaiek, euskal kultura nazioartean zabaltzeko aukera eskaintzeaz gainera, taldekideen arteko harremanak sendotzeko nahiz beste herrialde batzuetako dantza, musika eta jendea ezagutzeko balio dute, Itsasikoen ustez.
Datorren urteko udazkenean, Kulturaz kooperatibak ekoitzitako eta Itsasiko taldekide ohien laguntzarekin sortutako Itsasiren historia jasotzen duen dokumentala aurkeztuko dutela ere aurreratu dute, eta 2027ko azaroan 50. urteurrena itxiera ekitaldi batekin agurtuko dutela.
50. urteurreneko ekitaldien aurkezpenean Itsasi euskal kultur taldeak mende erdiko ibilbidean ondoan izan dituen dantzari, familia, musikari, herritar eta babesle guztiak eskertu dituzte, baita horiek urteurrena ospatzeko ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ere.