Naroa Uria Mallorcako UTMB proban lehiatuko da euskal selekzioarekin

Ihintza Elustondo

Naroa Uria, joan den maiatzean, Domusa Teknik 40 MLK lasterketan. (Ihintza Elustondo)

Tramuntana mendilerroan lehiatuko dira euskal selekzioaren taldeko bost kirolari, eta horien artean izango da azpeitiarra. 56 kilometroko distantzia eta 2.450 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea osatu beharko du.

Naroa Uria korrikalari azpeitiarra euskal selekzioarekin lehiatuko da Mallorcan (Balearrak) asteburu honetan, UTMB proban. Tramuntana mendilerroan lehiatuko dira euskal selekzioaren taldeko bost kirolari, eta horien artean izango da azpeitiarra. Gaurtik igandera, 64 herrialdetako 2.400 parte hartzaile elkartuko dira han.

Euskal selekzioak aurreratu du "bide historikoak, mendiko lur malkartsuak eta kilometro ugari" izango dituztela aurretik korrikalariek. 100K eta 50K modalitateetan lehiatuko dira euskal selekzioaren ordezkariak, eta Uria 50K modalitatean lehiatuko da. Hau da, 56 kilometroko distantzia eta 2.450 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea osatu beharko du.

Hauek dira euskal selekzioarekin lehiatuko diren gainontzeko kideak: gizonetan, Jokin Garcia de Vicuña (100K) eta Pello Berrizbeitia (50K) lehiatuko dira, eta emakumeetan, berriz, Sandra Sevillano (100K) eta Sonia Lopez (50K). 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide