Ekintzailetza sustatzeko diru laguntzen deialdia zabaldu dute udalak eta Iraurgi Berritzenek

Ane Olaizola

Onuradunek gutxienez 2.000 euroko diru laguntza jasoko dute, baita negozioa bideragarri izateko beharrezko tresnak eta aholkularitza ere. Azaroaren 20ra artean egin daitezke eskaerak. 

Negozio propioa martxan jarri nahi dutenentzako diru laguntzen deialdia zabaldu du Iraurgi Berritzen garapen agentziak Azpeitiko Udalaren eskutik. Negozio ideia garatu eta etorkizunean jarduera ekonomikoa martxan jarri nahi duten pertsonei zuzendu diete deialdia, eta onuradunek diru laguntza jasotzeaz gain, negozioa bideragarri izateko beharrezko tresnak eta aholkularitza jasoko dituzte. 

Guztira, zortzi ekintzaileri laguntzeko aukera aurreikusten du programak. Hautatutako pertsona horiek 2.000 euroko oinarrizko diru laguntza jasoko dute beren negozio ideia lantzeko, eta %15 gehiago jasoko dute 30 urtetik beherako gazteek; era berean, beste %15 jasoko dute emakumeek.

Diru laguntza jasotzeaz gain, ekintzaileek beren ideia aztertzeko, garatzeko eta negozio bideragarri bihurtzeko beharrezko tresnak eta aholkularitza ere jasoko dituzte. Horretarako, prozesu bat hasiko dute azaroaren 12an, eta han parte hartzen duten ekintzaileek banakako tutoretza saioak jasoko dituzte, hiru eta bost hilabete arteko epean. Saio horietan, negozio ideia landu, haren bideragarritasuna aztertu eta jarduera ekonomikoa martxan jartzeko urratsak prestatuko dituztela azaldu du udalak. 

Epea zabalik

Interesa duten pertsonek azaroaren 20a baino lehen egin behar dute eskaera Azpeitiko Udalaren bitartez. Horretarako, Iraurgi Berritzenekin (688 71 87 77, Alazne Larrañaga) edo Azpeitiko Udalarekin (Herritarren Arreta Zerbitzua) jar daiteke harremanetan. 

Udalak azaldu duenez, deialdia Azkoitia, Azpeitia, Aizarnazabal, Beizama, Errezil eta Zestoako ekintzaileei zuzenduta dago, eta honako baldintza hauek bete behar dituzte diru laguntza jasotzeko: 18 urtetik gora izatea, langabezian eta enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea, negozio ideia bat edukitzea eta aurreko urtean jarduera ekonomiko propioan alta emanda egon ez izatea. Lanaldia %30etik gorakoa ez duten pertsonek ere parte hartu ahal izango dute programa horretan, gainerako baldintzak betetzen badituzte. Era berean, parte hartzaileek beren proiektua garatzeko konpromisoa hartu beharko dute, eta tutoretza prozesua amaitu ondoren, jarduera ekonomikoari alta eman beharko diote hiru hilabeteko epean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide