Astelehenean zabalduko dute Miren Odriozola bekaren deialdira proiektuak aurkezteko epea

Ihintza Elustondo

Miren Odriozola, bere izena daraman bekaren aurkezpenean. (Ihintza Elustondo)

Bekaren helburua da Azpeitiko emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen memoria historikoa ikertu, dokumentatu eta zabaltzea. Horretarako, proiektu artistiko-literario bat garatu beharko du hautatutako pertsonak edo taldeak. Abenduaren 14a da proiektuak aurkezteko azken eguna.

Azpeitiko Udalak duela bi aste aurkeztu zuen Miren Odriozola izeneko beka, hari omenaldia egitearekin batera. Dena den, erakunde horrek berak jakinarazi duenez, atzo argitaratu zituzten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean beka horren oinarriak. Astelehenean –azaroak 2– hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta abenduaren 14a izango da horretarako azken eguna.

Bekaren helburua da Azpeitiko emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen memoria historikoa ikertu, dokumentatu eta zabaltzea, baita haien eskubideen alde lan egin duten kolektiboen ekarpenak jasotzea ere. Horretarako, proiektu artistiko-literario bat garatu beharko du hautatutako pertsonak edo taldeak.

Adin nagusiko pertsona fisikoek edo nortasun juridikorik gabeko pertsona taldeek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Proiektua eta azken emaitza euskaraz egin beharko dira, eta hizkuntza zein irudi ez-sexistak erabili beharko dituzte hautagaiek. Euskarako C1 maila ere egiaztatu beharko dute. Eskabidearekin batera, curriculuma, 10-20 orrialdeko proiektu proposamena eta gehienez hamar orrialdeko literatur lan baten lagina aurkeztu beharko dira. Proiektu proposamenak anonimoa izan beharko du, eta ezingo du egilearen izen-abizenik edo hura identifikatzeko daturik jaso.

Eskaerak Azpeitiko Udalean

Eskaerak Azpeitiko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira. Laginak izango du pisurik handiena Jasotako proposamenek 100 puntu arteko balorazioa jasoko dute: literatur lanaren laginak 60 puntu izango ditu; proiektu proposamenak, 30; eta curriculumak, hamar. Laginaren kalitatea, idazkera, originaltasuna, pertsonaien eta kontakizunaren eraikuntza eta ikuspegi feminista eta inklusiboa hartuko dituzte kontuan, besteak beste.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Oihana Arana eta Kattalin Miner literatur adituek; Miren Arrieta eta Edurne Enparan zinegotziek; eta Alaitz Olaizola mugimendu feministako eta LGTBIQ+ mugimenduko ordezkariak. Beka jasotzen duenak urtebeteko epea izango du proiektua garatzeko, eta 15.000 euroko laguntza izango du. Lana amaitutakoan, emaitzak jendaurrean aurkeztu beharko ditu, eta udalak lehen edizioko 500 ale inprimatuko ditu. Obraren jabetza egilearena izango da.

Hemen irakur daitezke oinarriak osorik.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide