Azpeitiko Etxebizitza Bulegoak ordutegi zabalagoa izango du datozen bi asteetan, herritarrei etxebizitzen zozketan izena emateko aukera errazte aldera. Izan ere, Santutxo eta Erdikaleko etxebizitzen zozketan izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta azaroaren 13ra arte izango da horretarako aukera. Hala, ordura arte, astelehenetik ostegunera bulegoa goizez zein arratsaldez egongo da zabalik: 08:00etatik 13:30era eta 14:30etik 19:00etara. Ostiraletan, berriz, herritarrek 08:00etatik 14:30era izango dute arreta jasotzeko aukera.
Horrez gain, hurrengo bi asteetako ostegun arratsaldeetan Etxebizitza Bulegoan bertan eskainiko da arreta. Ohikoan, ostegun arratsaldeetako zerbitzua udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan ematen da.
Guztira, 40 etxebizitza banatuko dira zozketa publiko bidez eta jabetza erregimenean. Erdikaleko proiektuan 12 udal etxebizitza tasatu daude, eta Santutxon, berriz, araubide bereziko 18 udal etxebizitza tasatu eta babes ofizialeko beste 10 etxebizitza.