Soinu Loturak jaialdiko musikariak hasi dira instrumentuak berotzen

Nerea Uranga

Soinu Loturak jaialdiko parte hartzaile batzuk Soreasun. (Agustin Jimenez)

Soinu Loturak jaialdiaren bigarren edizioa egiten ari dira, eta dagoeneko hasi dira topaketan parte hartzen ari diren musikariak 13:00etan Soreasu antzokian eskainiko duten kontzerturako entseguekin. Azpeitiko Metal Boskoteak eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioak egun guztiko egitaraua prestatu dute gaurko.

Soinu Loturaken bigarren jaialdia atzo hasi zuten Zestoan kontzertu gastronomikoarekin, eta gaur egun osoz Azpeitian egingo dute egitasmoa, Azpeitiko Metal Boskoteak eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioak elkarlanean antolatuta. Goizean goizetik jaialdiko parte hartzaileak entsegu saioak egiten jardun dute Soreasun, 13:00etan jendaurrean eskainiko duten kontzerturako prestatzeko.

Soinu Loturak jaialdiko parte hartzaile batzuk, goizean Soreasun entseatzen. (Agustin Jimenez)

Soinu Loturak egitasmoaren helburua da maila eta adin desberdinetako haize instrumentuetako ikasle gazteak elkartzea eta emanaldi bateratu bat prestatzea. Kontserbatorioko eta hainbat musika eskolatako ikasleek elkarrekin entseatzeko, musika partekatzeko eta beste musikari batzuk ezagutzeko aukera izango dute. 

Egitaraua

Hona hemen gaur Azpeitian egingo duten egitaraua:

11:00. Hamaiketakoa, Soreasu antzokiko sarreran.
11:20. Bigarren entsegua, Soreasu antzokiko agertoki nagusian.
12:30. Atsedenaldia.
13:00. Kontzertua, Soreasu antzokian.
14:30. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean. Bazkaria aukerakoa izango da. 
18:30. Klarinete kontzertua, Basazabal jauregian.Sbs Kuartet eta Zamacois laukotea.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide