Asteburu gazi-gozoa izan dute Lagun Onakeko lehen mailako taldeek. Gizonek puntu bat eskuratu dute Errenteriako (Gipuzkoa) Fanderia futbol zelaian, Touring taldearen aurka golik gabeko berdinketa lortuta (0-0). Emakumeek, aldiz, ezin izan diote Elgoibarren aurka jokatutako neurketari buelta eman, eta 1-3 galdu dute etxean.
Gizonen taldea, puntu baliotsu batekin
Touring eta Lagun Onak taldeek baloia sareratzeko aukera gutxi sortu zituzten Fanderian, eta azkenean golik gabeko berdinketarekin amaitu zuten partida. Bi taldeek elkar ondo ezagutzen dute, eta elkarri errespetu handia diotela erakutsi zuten zelaian. Defentsak aurrelariak baino sendoago aritu ziren, eta ez zen gol aukera askorik izan.
Partidako albisterik pozgarriena Kepa Goikoetxearen itzulera izan zen. Lesio luze baten ondoren hasieratik jokatu zuen berriro, eta bere arrastoa utzi zuen zelaian.
Asteburuan eskuratutako puntuak bultzada bat emango die Jose Luis Ribera entrenatzailearen mutilei. Datorren asteburuan, Garmendipen, Pasaia izango dute aurkari, eta hiru puntuak etxean geratzea izango dute helburu.
Emakumeek, porrota
Emakumeen taldeari kosta egin zitzaion partidan sartzea, eta zortzigarren minutuan lehen gola sartu zioten korner baten ondorioz. Lagun Onakekoek jokoan sartzeko eta erritmoa hartzeko zailtasunak izan zituzten hasieran, baina pixkanaka aukera onak sortzen hasi ziren. 33. minutuan iritsi zen berdinketaren gola: Joane Kortak areara egindako erdiraketaren ondoren, Naroa Altunak bigarren zutoinean aurkitu zuen baloia eta sareetan sartu zuen. Horrela, 1-1ekoarekin iritsi ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi eta berehala izan zuen Lagun Onakek aurretik jartzeko aukera. Joane Kortak hegaletik egindako jokaldiaren ostean, baina, aurkariaren atezainak baloia gelditzea lortu zuen. Joko aldetik, ordea, etxeko taldeari kosta egin zitzaion neurketan nagusitzea, eta Elgoibarrek aprobetxatu egin zuen hori. 78. eta 86. minutuetan beste bi gol sartu zituen, markagailua 1-3 emaitzarekin jarriz. Amane Iglesiasek defentsaren bizkarrean egindako mugimendu baten bidez gola sartzeko aukera garbia izan zuen, baina ezin izan zuen baloia sareetara bidali. Azkenean, 1-3 galdu zuten etxekoek. Datorren asteburuan atseden hartuko dute Lagun Onakeko emakumeek.