Azpeitikoopek Lurgintzarentzako harrera plana prestatu du

Ihintza Elustondo

Bittor Sanchez Lurgintzako lehendakaria, Mikel Ugarte Azpeitikoopeko langilea eta Nerea Alonso Lurgintzako kudeatzailea. (Ihintza Elustondo)

Azpeitikoopek kooperatibista berrien lehen 90 egunetarako harrera eta jarraipen prozesu egituratua landu du Lurgintzarentzat. 2026a amaitu aurretik beste kooperatiba batentzat harrera plana egiteko asmoa du Azpeitikoopek, eta 2027an segituko du beste batzuentzat egiten. Gaur egun, zortzi bazkide ditu Azpeitikoopek, eta horietako "gutxik" dituzte harrera planak. 

Azpeitikoopek Lurgintzako kooperatibistentzako harrera plana osatu du, eta egitasmo horren xehetasunak azaltzeko agerraldia egin dute gaur, astelehena, Lurgintzaren egoitzan. Han izan dira Mikel Ugarte Azpeitikoopeko langilea eta Errektore Kontseiluko kidea, Bittor Sanchez artzaina eta Lurgintzako lehendakaria eta Nerea Alonso Lurgintzako kudeatzailea. 

Azpeitian kooperatiba batzuek badute beren harrera plana, baina agerraldian nabarmendu dutenez, "oso gutxik" dute. Horregatik, ez dutenentzat egitea erabaki du Azpeitikoopek, eta Lurgintzarentzat garatu du lehen harrera plana. Aurreneko lan hori "oinarri garrantzitsua" izan daitekeela nabarmendu du Ugartek. 2026a amaitu aurretik beste kooperatiba batentzat harrera plana egiteko asmoa dute, eta 2027an segituko dute beste batzuentzat egiten. 

Ugartek azaldu duenez, Azpeitikoopek Lurgintzarekin elkarlanean garatu duen harrera planaren helburua da kooperatiban sartzen diren bazkide berriei hasierako pausoak erraztea, "lehen unetik kooperatibaren parte senti daitezen eta bertan modu aktiboan parte hartzeko baliabideak izan ditzaten". Azpeitikoopen sortzaileetako eta bazkideetako bat da Lurgintza, eta harentzat baliagarri izango da harrera plana, norbaitek bazkide egin nahi badu, plan hori jarriko delako martxan. Nerea Alonso Lurgintzako kudeatzaileak nabarmendu du orain arte ez zutela harrera planik. "Urtarrilean egin genuen bazkidetza kanpaina gure bezeroen artean, eta 40 bazkide berri lortu ditugu. Orain kanpaina hori kanpora begira egin nahi dugu, gure bezero ez direnekin. Orain arte ez geneukan harrera planik, eta iruditzen zait oso erabilgarria izango dela prozesu horretan", adierazi du. Lurgintzak, gaur egun, 220 bazkide ditu. Baserritarren kooperatiba bat da, baina bazkideak ez dira baserritarrak bakarrik, elkarteak eta beste kooperatiba batzuk ere bai. 

Harrera planaren ezaugarriak

Harrera planak honako ezaugarri hauek ditu: Azpeitikoopek kooperatibista berrien lehen 90 egunetarako harrera eta jarraipen prozesu egituratua landu du Lurgintzarentzat. Planak lau ardatz nagusi ditu: orientazioa, harremanak eta loturak sortzea, autonomia garatzea eta parte hartzea sustatzea. Horretarako, bazkide berriak Lurgintzaren historia, egitura, zerbitzuak eta harreman sarea ezagutzeko aukera izango du. Era berean, bere eskubideak eta konpromisoak ezagutuko ditu, zalantzak argitzeko erreferente bat izango du eta kooperatibaren eguneroko dinamikan pixkanaka integratzen lagunduko diote. Hiru hilabeteko prozesuan, jarraipen bilerak ere egingo dituzte, bazkide berrien beharrak identifikatzeko, zalantzak argitzeko eta harrera etengabe hobetzeko.

Ugartek halako harrera planek duten garrantzian jarri du arreta: "Kooperatiba batean bazkide berri bat egiten denean, hari jarraipena egingo zaio, galduta senti ez dadin, garbi izan dezan zer pauso eman behar dituen. Arduradunak izango ditu hasieratik, egun batzuk pasatzean, harekin elkartuko dira eta ikusiko dute prozesua nola doan, zer zalantza dauzkan..." Finean, zehaztutako prozesu bat izango da, bazkide berri bati kooperatiban harrera egiteko balioko duena. Alonsori "oso positiboa" iruditzen zaio hori guztia zehaztea. "Positiboa da norbaitekin biltzea, zer zerbitzu eskainiko zaizkon azaltzea...". Hark uste du, aurrera begira ere, zerbitzuak hobetzen lagunduko duela prozesu horrek. "Bere lana emango du, baina uste dut beharrezkoa dela. Positiboa izango da, seguru". 

Oraingoz, Azpeitikoopek Lurgintzarentzako sortu du harrera plana, baina aurrerago sareko beste kooperatibentzako ere sortuko ditu. Izan ere, nabarmendu dutenez, kooperatiba bakoitzak bere ezaugarriak dituen eran, harrera planak ere pertsonalizatuak izan behar dira. Gaur egun, Azpeitikoopek zortzi bazkide ditu, eta Guka haren parte da. Gukak, esaterako, badauka harrera plana, baina bazkide gehienek ez dute halakorik. Oraingoz, bazkide hauek ditu Azpeitikoopek: Guka, Azpeitiko Laboral Kutxa, Artxara, Lurgintza, Kulturaz, Ikasberri, Bizik eta Ekindar. 

Azpeitikoop, kooperatibismoa sustatzen

Bittor Sanchezek ere hartu du hitza agerraldian. Artzaina dela eta Aian bizi dela azaldu du, eta ekainaz geroztik Lurgintzaren lehendakaria dela. Lurgintza 1971n sortutako nekazaritza kooperatiba dela gogora ekarri du, eta baserritarren beharrei erantzutea eta lehen sektoreari aholkularitza zein bestelako zerbitzuak eskaintzea dituela helburu. "Ibilbide luzea duen kooperatiba da, eta bazkide berrien integrazioa lantzea bereziki garrantzitsua da guretzat, kooperatibaren ezagutza, funtzionamendua eta balioak belaunaldi berriei transmititzeko. Izan ere, kooperatiba bateko bazkide izatea ez da zerbitzu batzuk jasotzea soilik. Proiektu kolektibo baten parte izatea ere bada, eta horrek eskubideak, konpromisoak eta erabakietan parte hartzeko aukera dakartza. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu bazkide berriek hasieratik jakitea zer den kooperatiba, nola funtzionatzen duen, zer baliabide dituzten eskura eta nola parte har dezaketen bertan".

Ekainean aurkeztu zuten Azpeitikoop, herrian kooperatibismoa sustatzeko proiektua. Ugartek gogora ekarri duenez, herriko kooperatiben, erakunde publikoen, eragile sozialen eta norbanakoen arteko elkarlana sustatzeko asmoz eratu zuten. "Gure helburua kooperatiba komunitatea osatzea eta sendotzea da, kooperatibismoaren balioak zabalduz eta herriaren garapen sozialari eta ekonomikoari ekarpena eginez", adierazi du Ugartek. Haren arabera, Azpeitian kooperatibismoak tradizio eta presentzia handia du. "Askotariko kooperatibak ditugu herrian, aspaldi sortutakoak eta berriagoak. Baina kooperatibismoa indartzeko ez da nahikoa kooperatibak sortzea edo martxan mantentzea. Kooperatibismoaren balioak transmititzea, bazkideen parte hartzea sustatzea eta komunitate izaera indartzea ere ezinbestekoa da". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide