Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietako ekonomia sustatu nahi du Azpeitiko Udalak, eta, aldi berean, baita herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria eman ere. Horretarako, Bertan merkatari elkartearekin batera, Azpeitia zaindu bonu kanpaina prestatu du.
Ostegun arratsaldean, 4.000 bonu jarriko dituzte herritarren eskura. Txartel bakoitzak, erosteko orduan, 35 euro balioko ditu; gastatzeko garaian, berriz, 50 euro. 16 urte beteta izan beharko dira bonuak erosi ahal izateko, herritar bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu, eta urtarrilaren 5era arte egongo da horiek erabiltzeko aukera. Udalak 60.000 euro bideratuko ditu bonu kanpainara, eta sustatzaileek adierazi dutenez, kanpainak, herritarren ekarpenak kontuan izanda, ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan.
Aurreko hainbat kanpainetan bezala, oraingoan ere aurten 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei (2008an jaiotakoei) 15 euroko bonu bana oparituko diete, beraiek erosi beharrik gabe. Horren bidez, gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi dituzte, bertako produktuak eta bertako saltokietan kontsumitu dezaten, horrela, "tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotzeko". Onuradunek gutun bidez etxean jasoko dute ekimenari buruzko informazio guztia.
Horiek horrela, aterako dituzten 4.000 bonuetatik 3.826 aurrez aurre salduko dituzte, 1.913 online, eta beste 174 bonuak 18 urte egiten dituztenei oparituko dizkiete. Aurrez aurreko salmenta Azpeitiko Azoka Plazan egingo dute, azaroaren 5ean, 16:00etatik 19:30era, eta azaroaren 6an, 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 16:30era. Online, berriz, www.azpeitiazaindu.eus webgunean erosi ahal izango dira.
Kanpainaren aurkezpenean izan dira Azpeitiko Udaleko ordezkariak eta herriko merkatariak. Nagore Alkorta alkateak nabarmendu duenez, udalak merkataritza txikiari laguntzeko konpromisoari eutsi dio beste urte batez. "Azken urteotan merkataritza txikiak erronka handiei egin behar izan die aurre. Egoera horretan, Azpeitiko tokiko ekonomia sustatzeko eta herriko saltokiei babesa emateko jarri genituen martxan bonu kanpainak, Bertanekin elkarlanean. Ekimenak herritarren artean izan duen harrera eta sortu duen eragin positiboa ikusita, aurten ere bide horretan jarraitzea erabaki dugu", azaldu du.
Bertan Elkarteko zuzendaritzako kideek ere kanpainaren garrantzia azpimarratu dute. Haien esanetan, "bonu kanpainak laguntza zuzena eskaintzen die herriko saltokiei, eta espero dugu aurten ere merkataritzari bultzada emateko baliagarria izatea". Bonu kopuruari dagokionean, "kopuru esanguratsua" izango dela esan dute; "interesdun guztiek bonuak eskuratzeko aukera izatea espero dugu, herritarren erosketa ohiturek eragin zuzena baitute Azpeitiko ekonomiaren indartzean".
Negozioentzat oharra
Herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki guztiek dute kanpainara batzeko aukera, ez Bertaneko kide direnek bakarrik. Kanpainaren aurreko edizioan parte hartu zuten establezimenduak automatikoki partaidetzat hartuko dituztela jakinarazi dute, kontrakorik adierazten ez duten bitartean. Ekimenean lehen aldiz parte hartu nahi duten negozioek merkatari elkartearekin jarri beharko dute harremanetan, 943-02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deituta edo bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita, asteartea, azaroak 3, 12:00ak baino lehen.
Beste xehetasun batzuk
Kanpainaren sustatzaileek zehaztu dutenez, bonu bakoitzak hamar euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez dute eskudirutan itzuliko, eta bonuak ezingo dira diruagatik trukatu. Erosketa berean gehienez lau bonu (hogei txartel) pilatu ahal izango dira. Bonuak ezin direnez eskudirutan trukatu, eta bonuaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bonu propio bat jaulkiko du.
Saltoki bakoitzak gehienez 5.000 eurora arteko balioa duten bonuak onartu ahal izango ditu. Behin zifra horretara iritsita, une horretatik aurrera saltoki horretan bonuak erabili nahi dituzten bezeroei jakinarazi beharko dio ezin dizkiela bonuak onartu.