Azpeitiko Udalak zabaldu du aurtengo Kirol Sarietara hautagaiak aurkezteko epea. Hain zuzen ere, hilaren 15era arte izango dute herritarrek nahiz kirol taldeek hautagaiak proposatzeko abagunea. Aurtengoan ere hiru sari banatuko dituzte, orotara: Urteko Kirolaria saria gizonetan nahiz emakumeetan zein Urteko Boluntarioa saria –norbanakoa ala taldea izan daiteke–. Honako formulario honen bidez egin ahal izango dira proposamenak.
Hautagaitzak jasotzeko epea bukatuta, proposamenei botoa emateko aukera eskainiko du udalak. Hain zuzen ere, herritarrek azaroaren 28tik 25era bitartean izango dute horretarako aukera. Sari banaketa ekitaldia, berriz, abenduaren 17an, ostegunez, egingo dute, eta hitzordu horretan jakinaraziko dute zein diren aurten aitortza jasoko duten kirolariak. Ekitaldia 19:00etan hasita egingo dute, Sanagustin kulturgunean.
Azpeitio Udalak 2000. urtean ekin zion Kirol Sariak banatzeari, eta ordutik, urtez urte antolatu du egitasmoa –2020a izan zen salbuespena, COVID-19aren pandemia tarteko–. Iaz, esaterako, Izarraitz igeri elkarteko nesken talde absolutua, Arauntza Riders taldea eta Ilunpe pilota elkarteko boluntarioek jaso zituzten sariak.