Arkupehotsak egitasmoan parte hartzeko izen ematea ireki dute

Nerea Uranga

Arkupehotsakeko aurreko edizio bateko parte hartzaileak Sanagustin kulturgunean. (Kulturaz)

Kulturaz kooperatibaren egitasmoaren bederatzigarren edizioa berritasunekin egingo da, egonaldi formatuko eskaintza gehituta. Horrez gainera, edozein musika taldek zein bakarlarik eman dezake parte hartzeko izena, abenduaren 13a baino lehen.

Kulturaz kultur kooperatibak 2027ko Arkupehotsak egitasmoa prestatu du, eta proiektuan parte hartu nahi duten musika talde edota bakarlarientzako izen ematea ireki du; abenduaren 13ra arte eman ahalko da izena. Kulturaz.eus webgunean eman beharko da izena. Bederatzigarren edizioa "berritasunekin eta inoiz baino programazio eta eskaintza osatuenarekin" prestatu dutela adierazi du Kulturazek, eta hori Rural Kutxaren babesari esker izan dela gaineratu. "2018az geroztik, musika eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea eta berau plazaratzea izan dira proiektuaren lanerako ildo nagusiak. Argi dugu musikariei bidea egiten lagundu eta baliabideak eskaintzea ezinbestekoa dela, eta helburu horri eutsiko diogu aurten ere", esan dute 2027ko Arkupehotsaken berri ematerakoan.

Arkupehotsak proiektua bere bilakaeran osatzen eta eskaintza hazten joan da, eta oraingoan, berrikuntza gisa, egonaldi formatua ere eskainiko dute. "Proiektua ikusgarritasunetik abiatu zen, eta edizioek aurrera egin ahala hasierako planteamenduari formakuntza saioak gehitu zitzaizkion. Aurten, bilakaera horretan, beste urrats bat egin dugu aurrera, egonaldi formatua dakarkigu berritasun gisa", azaldu du Kulturazek.

Egitasmoaren eskaintza

Arkupehotsak egitasmorako hautatutako taldeek, urtarriletik apirilera bitartean, Dinamoa sormen guneko espazioak eta baliabideak erabiltzeko aukera izango dute, beren musika lantzeko, entseguak egiteko eta zuzeneko emanaldia prestatzeko.

Formazioari dagokionez, urtarrilaren 30ean eta 31n, hautatutako taldeek formakuntza egonaldia egingo dute. Musika sortzeari, ekoizteari eta plazaratzeari buruzko hiru formakuntza saio izango dituzte: Eñaut Gaztañagarekin, Gaztain estudioan, grabaketa, maketa eta produkzio lana nolakoa den ezagutuko dute. Osa eta Mujika dantzariek, berriz, eszenaratze eta eszenografia on bat prestatzeko aholkuak emango dizkiete. Eta hirugarrenik, euskal musika zirkuituko hainbat profesionalekin komunikazioaz, hedapenaz eta industriaren funtzionamenduaz arituko dira. Formakuntza asteburuko egonaldiko ostatu eta otordu gastuak barne izango dira.

Musika taldeentzako sortutakoa ezagutaraztea edota plazaratzea garrantzitsua da, eta fase horretarako eskaintza indartzeko "lan berezia" egin du Kulturazek. "Urtero bezala, taldeek emanaldi batekin borobilduko dute egitasmoa. Apirilaren 23tik 25era ospatuko da Arkupehotsak asteburua, eta zuzeneko horretan talde bakoitzari abesti baten soinua eta irudia grabatuko zaizkio, etorkizunean bideoklipa sortzeko", azaldu dute Arkupehotsak egitasmoaren antolatzaileek. Taldeen lana plazaratzeko asteburua Marenek Sanagustin kulturgunean eskainikoduen kontzertuarekin borobilduko dute. Gainera, aurten, talde bakoitzak 300 euroko ordainsaria jasoko du asteburu horretako emanaldiagatik, eta asteburuko ostatu nahiz otordu gastuak ere barne izango dituzte.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide