'Mermelada' film laburra aurkeztu du Xanti Rodriguezek Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astean

Nerea Uranga

Xanti Rodriguez (ezkerretik bigarrena) atzo Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko 37. Zinemaren Astean Mermelada film laburra aurkezten. (Ospel Films)

Zinemagile azpeitiarrak azken produkzioa aurkeztu du Donostiako zinema jaialdian. Mermelada film laburra azaroaren 14an Azpeitian egingo den Hator Hator Horror Fest jaialdian ere aurkeztuko du, jaialdira aurkeztutako nazioarteko beste film labur batzuekin batera.

Xanti Rodriguezek Mermelada film laburra aurkeztu du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astean. Urriaren 30ean hasi zuten jaialdia Donostian eta ostiralean, azaroaren 6an, bukatuko da. Euskal film laburren sailean aurkeztu zuen atzo, Victoria Eugenia antzokian. Zortzi film labur aurkeztu zituzten atzo zinema jaialdiaren euskal film laburren sailean, tartean Rodriguezen Mermelada. Aurkezpen ekitaldian Rodriguez oso pozik azaldu zena: “Izugarrria da Mermelada lana Donostiko jaialdi honetan aurkeztea”.

Mermelada film laburra fantasia eta beldurrezko generoko filma da, eta 1980ko hamarkadan girotuta dago. Baserri batean, emakume batek gizonarengandik tratu txar psikologikoa jasaten du, eta horren inguruan egindakoa da Mermelada film laburraren "errezeta", lanaren egilearen arabera. Mermelada film laburraren gidoiaz, zuzendaritzaz, argazkiaz eta ekoizpenaz arduratu da Xanti Rodriguez, Ospel Films-eko zinemagilea. Musika Joseba Beristain musikari azkoitiarrak egin du, eta Dorleta Urretabizkaia aktore donostiarrak da filmeko protagonista.

Hirugarren aldiz aurkeztu du lan bat Rodriguezek Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean; Ospel (2020) film laburrarekin estreinatu zen Rodriguez Donostiako zinema jaialdian. Gizaki  (2024) film laburra ere aurkeztu zuen, eta lan horrekin jaialdiko euskal film labur onenaren saria jaso zuen.

Hurrengo aurkezpena Azpeitian

Azken lan berria Donostiako jaialdian aurkeztu ondoren, azaroaren 14an, larunbatean, Azpeitiko Hator Hator Horror Fest beldurrezko eta fantasiazko film laburren jaialdian aurkeztuko du Rodriguezek Mermelada lana. Film laburren emanaldia 17:30ean hasiko da, Soreasu antzokian. Sarrera doan izango da.

Mermelada filmaz gainera, Hator Hator Horror Fest jaialdirako hautatutako beste zazpi bat film labur ikusteko aukera ere izango da hilaren 14an, Soreasun. “Mundu osotik bidaltzen dituzte Hator Hator Horror Fest jaialdira film laburrak, eta epaimahaiak hautatutako zortzi film erakutsiko dira Soreasuko emanaldian. Datorren astean jakingo da zein film diren aukeratutakoak”, azaldu du Rodriguezek, Hator Hator Horror Fest jaialdiaren antolatzaileak.

Azpeitiko HHHF jaialdia borobiltzeko, azaroaren 14an, 22:00etan, Anestesia eta Txatar taldeen kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean. Kontzertu horretarako sarrerak bukatuta daude.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide