Udal ordezkariek atzo, asteartez, egin zuten azaroko ohiko udalbatzarra. Hainbat puntu izan zituzten hizpide, baina bilkuraren hondarreko bi puntuez hizketan igaro zuten denbora gehien. Batetik, UEMA herriz herri aurkezten ari den Esnatu dinamikaren mozioaz jardun zuten. Aitor Larrañaga Euskara zinegotziak eman zuen mozioaren testuinguruaren berri, eta hark esan zuen arnasguneetan euskara impasse egoera batean dagoela. "Zortzi-hamar-hamabi urtetan ez badugu egoera aldatzen, galera handiagoa izango da".
Egoera horretaz jakitun, UEMAk hainbat konpromiso hartzea galdegin die herri erakundeei, eta Azpeitiko Udalak bat egin du eskakizun horiekin. Besteren artean, udalak bat egin du erabilera planean onartutako hizkuntza irizpideak betetzeko, kontratazio publiko guztietan hizkuntza baldintza guztiak txertatzeko, doako euskalduntzea bermatzeko, haurren eta gaztetxoen aisialdiko ekintzak euskaraz programatzeko, euskararen normalizazioan urrats sendoak egiteko eta herrira etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoak areagotzeko Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako eskaerarekin. Larrañagak zehaztu zuenez, konpromiso horietako batzuk betetzen ditu gaur-gaurkoz udalak, baina horretan segitzeko beharra dagoela esan zuen.
EH Bilduko eta EAJko ordezkariek aho batez onartu zuten atzo UEMAk aurkeztuko mozioa. Alex Silva EAJko zinegotziak azaldu zuenez, "ezinbestekoa" da mozioa onartzea. Dena den, jakinarazi zuen eskuen artean izan dutela beste mozio bat ere, "zenbait erakundek egindako ibilbidea eta lana aitortzea ere garrantzitsua" dela ikusten zutelako. "Aurrera begirako planetan eta ekintzetan, ezinbestean, euskarak kontsentsuak beharko ditu, eta Jaurlaritzak, aldundiek eta bestelako erakundeek konpromisoak hartzea beharrezkoa izango da. Eta hain zuzen ere, erakunde horiek ez dira mozioan esplizituko agertzen", zehaztu zuen.
UEMAk azaroaren 18an, asteazkenez, aurkeztuko du Esnatu dinamika Azpeitian; 18:00etan izango da hitzordua, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Egun horretan azalduko dituzte jendaurrean dinamikaren gaineko xehetasunak, eta Euskara zinegotziak saiora joateko deia egin zien herriko eragileei nahiz norbanakoei.
Udaltzaingoa eta Esklabetako gimnasioa
Galdera-erreguen txanda informazioa eskatzeko baliatu zuen Jabier Altuna EAJren bozeramaileak. Hain zuzen ere, udaltzain kopuruarekin duen kezka plazaratu zuen hark aurrena. Aurretik ere gaia plazaratutakoa da EAJren udal taldea, eta atzo berriz hartu zuen gaia. Azken asteburuetan izandako bi egoeraren berri eman zuen hark, bietan ala bietan lan txandetan udaltzain nahikoa ez dela egoten argudiatzeko. "Bi kasuetan ez zegoen egoerari aterabidea emateko udaltzainik; bi udaltzain bakarrik zeuden gaueko txandan". Gainera, joan zen asteko kasuan, egoera bideratzeko, Ertzaintzak esku hartu behar izan zuela ere zehaztu zuen. "Aurreko aurrekontuetarako ere proposatu genuen, baina oraingoan ere esango dugu: udaltzaingoak bitarteko gehiago behar ditu bere lana egiteko". Bestalde, gai berari lotuta, udaltzainei pistolak ematen zaizkienean ikastaroa Arkautin (Araba) egin dezatela eskatu zuen, "ez Intxaurrondon".
Nagore Alkorta alkateak azaldu zion Udaltzaingoaren egutegia egiteko zailtasunak zituztela iaz, baita aurten ere. "Udaltzaingoaren egutegia egiterakoan, paperaren gainean lau udaltzainek agoantatzen digute, baina gero bajak eta ordu sindikalak tarteko, zailtasunak izaten ditugu txandak osatzeko. Goizetako txandetan, esaterako, lau ez, udaltzain gehiago izaten dira, baina zenbait egunetan arazoak izaten ditugu txandak osatzeko". Horrez gain, Esan sindikatuak enpresa batzordean baliabide eskaera egin duela jakinarazi zuen alkateak: "Jakitun gara Udaltzaingoaren egunerokoak beste baliabide batzuk eskura izatea ere eskatzen duela; ez suzko armak bakarrik, baita beste baliabide batzuk ere, eta horrei buruz hitz egitekoak gara". Eta Arkauti aipatu izanaz ere erantzun zion Altunari: "Ironikoki esan duzu, baina eskatzen dudana EAJk ere etxeko lanak egin ditzala, gutxienez udalak erabakitzen duenean bere eskumenekoa den oposizioak antolatzea. Eskatzen duguna da Arkautik bide ematea udaltzainen formazioari eta legezkotasuna betetzeari, gero esaten baitute EH Bilduko udalek ez dutela legea betetzen".
Altunak berriz hartu zuen hitza, eta esan zuen aurreko urtean ere esan zuela EAJk udaltzainen bajak-eta aurreikusteko aurrekontuetan, lehen ere ez zirelako lau udaltzaineko txandak osatzen, eta Alkortak erantzun zion proposamen zehatza egiteko. "Zein da zuen proposamena Udaltzaingoaren plantillari dagokionez? Taldea zenbat handitzea proposatzen duzue?". Altunak adierazi zuen hurrengo aurrekontuetarako egingo dutela proposamena.
Beste gai bat ere izan zuen hizpide Altunak atzoko udalbatzarrean: Esklabetako komentuaren ezker hegalean zabaldutako gimnasioa. Azken aurreko udalbatzarrean kontuak eskatu zizkion EAJren udal taldeak udal gobernuari, eta gaia zertan den galdetu zion atzera Altunak atzokoan alkateari. Alkortak erantzun zion egin dutela bilera gimnasioa egokitu duten Esklabak Zentro Sozialistako kideekin, eta udal ordezkari teknikoak hara joatekoak direla espazioaren gaineko akta egitera. "Bisita egin ondoren emango dugu horren berri", esan zion.
Altunak Esklabetako ezker hegalean eskaintzen dituzten zerbitzuak –tartean, eskola partikularrak– martxan jartzeak izatez duten kostua eraman zuen mahai gainera, eta baimenez ere jardun zuen, baita irisgarritasunari eta segurtasunari lotutako betebeharrez ere, halakorik ez dutela aditzera emanez. "AArekin egin ditut hurbilpen batzuk, eta tasak, zergak eta abar kontuan hartu behar dira. Kostu bat du halako jarduerak martxan jartzeak, baita betebeharrak ere, eta ez dugu ulertzen azpeitiar batzuek zergatik bete behar dituzten eskakizun horiek denak, eta beste batzuek, berriz ez". Alkortak hartu zuen hitza, hari erantzuteko: "Teknikoekin egingo dugu bisita, eta orduan ikusiko dugu zer baldintza bete beharko lituzketen segurtasunari lotutako oinarrizko baldintzak betetzeko. Gainera, erabiltzaileen aseguru aldetik ere begiratu beharko da kontua". Alkortak zehaztu zuen, gainera, Esklabetako ezker hegala udalarena dela, eta beraz, "zaila" dela eraikinarekiko baimena han direnei ematea.
Dena aho batez
Udalbatzar hasieran landutako puntuak bata bestearen segidan onartu zituzten aho batez. Batetik, hasierako onarpena eman zioten ostalaritza eta aisialdiko jardueretara zuzendutako establezimenduen instalazioa arautzen duen Azpeitiko Udalaren ordenantza aldatzeari. Bestetik, Azpeitiko Zaintza Planari ere argi berdea eman zioten atzoko bilkuran, eta aurreratu zuten plan horren aurkezpena hilaren 24an egingo dutela.
Horrez gain, Tantai baso jabeen kooperatiban bazkide laguntzaile moduan sartuko da udala, eta herri barruko joan-etorriei lotuta, Agitax Gipuzkoako taxilarien elkarteak egindako proposamena ere onartu zuten. Horrenbestez, %4,3 igoko dira taxi zerbitzuen tarifak.