Euskal Herriko Ultra Txapelketa eta Euskal Herriko KB Kopa ere jokatuko dituzte Domusa Teknik mendi lasterketan

Andoni Elduaien

Oihana Azkorbebeitia, iaz, taldetxo baten buruan. (Ihintza Elustondo) 

Euskal Mendizale Federazioak (EMF) antolatutako txapelketa nagusia da Euskal Herriko Ultra Txapelketa, eta federazio horrek berak antolatu ohi du kilometro bertikalen kopa. 40 MLK eta 15 MLK probetarako izen emateak zabalik dituzte. Kilometro bertikalerakoa, berriz, aurrerago zabalduko dute. Emakumeei zuzendutako hurrengo saioa hilaren 14an egingo dute, baina mendi ibilaldia egin beharrean, zoru pelbikoa lantzeko saio teoriko-praktikoa eskainiko dute. Hitzordu horretarako izena eman daiteke dagoeneko. 

Datorren urteko Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketan Europako Skyrunning Txapelketa jokatuko dutela iragarri zuten antolatzaileek joan den astean, eta atzo, asteazkena, jakinarazi zuten Euskal Herriko Ultra Txapelketa eta Euskal Herriko kilometro bertikalen kopa ere lehiatuko dituztela proba horren barruan. 

Euskal Mendizale Federazioak (EMF) antolatutako txapelketa nagusia da Euskal Herriko Ultra Txapelketa, eta distantzia luzeko mendi lasterkari euskaldun onenak biltzen ditu urtero proba horrek. Euskal Herriko kilometro bertikalen Kopa ere EMFk antolatu ohi du, eta zirkuitu baten barruan hainbat jardunaldi jokatu ohi dituzte mendizaleek. Hain justu, 2027an aurrenekoz jokatuko dute Domusa Teknik proban kilometro bertikalaren lasterketa, eta EMFak kilometro bertikalen kopako egutegian txertatu du hura, Txindoki, Ardibidepikua eta Beriain kilometro bertikalen probekin batera. Guztira, 3,5 kilometroko lasterketa izango da Azpeitikoa, 800 metroko desnibel positiboduna. 

Izen emateak, zabalik

40 MLK eta 15 MLK probetarako izen emateak herenegun, asteartea, zabaldu zituzten Kronoak.com atarian; 40 MLK probarako lotura honetan eman daiteke izena, eta honako beste honetan 15 MLK lasterketarako. Ohi bezala, harrera arrakastatsua izan du probak, dagoeneko mila lagun baino gehiagok eman baitute izena. Hori hala, antolatzaileek dortsalen zozketa egingo dute azaroaren 13an (18:30ean) izena emandako kide guztien artean. Kilometro bertikaleko probarako izena emateko epea aurrerago zabalduko du antolakuntza taldeak. 

Aurreko urteetako dortsal kopuruari eusten saiatuko dira antolatzaileak; hau da, mila dortsal inguru jarri dituzte eskuragarri –40 MLK probarako 550, eta 15 MLK probarako, 400–. Gainera, 15 MLKeko dortsalen erdiak emakumeentzat izango dira, haien partaidetza sustatzeko xedez.

Emakumeen entrenamenduak

Bestalde, emakumeei zuzendutako entrenamenduen bigarren saioa hilaren 14an, larunbatez, egingo dute. Berrikuntza bezala, fisioterapia saioa eskainiko du zoru pelbikoan aditua den Leire Mugikak. Mendi ibilaldia egin beharrean, kirola eta zoru pelbikoaren arteko lotura eta beharrak landuko dituzte parte hartzaileek, Azpeitiko igerilekuko aretoa (09:00).

Bi ordu eta erdiko saioa izango da: aurrena ezagutzarako tartea eskainiko du adituak, kirolak zoru pelbikoan duen eraginaz hausnartzeko. Bereziki, mendi lasterketek gorputz atal horretan zer eragin duen azalduko du Mugikak. Saioaren bigarren eta zati luzeenean, berriz, zoru pelbikoa lantzeko ariketak egingo dituzte parte hartzaileek.

Saioa teoriko-praktikoa izango denez, antolatzaileek arropa erosoa janzteko eskatu diete partaideei. Saioa amaitutakoan igerilekuko aldageletan dutxatzeko aukera izango da. Parte hartzeko, lotura honetako galdetegia bete beharko dute herritarrek azaroaren 12a, osteguna, 18:00ak baino lehen. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide