Etzi, zapatuan, egingo dira XIX. Ardo Eguna eta XII. Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketa Azpeitiko plazan. Ohi moduan, bi hitzorduek bat egingo dute festa osatzeko, 11:30etik 14:30 ingurura arte. Denera, 11 upategitako ardoak dastatzeko aukera izango da, eta lehiaketan parte hartuko duten hemezortzi harategitako txorizo egosi pintxoak eta hiru gaztandegitako gazta pintxoak jateko aukera izango da. Ardo Dastaketa Eguna Azpeitiko egutegian dagoeneko "errotuta" dagoela esan du, Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak. "Gastronomia aitzakia hartuta, herritarrak kalera ateratzea, inguruko ekoizleen lana ezagutaraztea eta herriko kaleetan giro polita sortzea da gure asmoa”, gaineratu du udal ordezkariak.
Larunbatean plazara bertaratzen direnek, 11 upategitako ardoak dastatzeko aukera izango dute. Ardo kopa euro bat ordaindu beharko dute, eta dastaketarako txartelak binaka salduko dituzte: bi txartelek hiru euro balioko dute; lau txartelek bost euro; eta sei txartelek zazpi euro. Txorizo nahiz gaztaren pintxoak, berriz, bi euroan salduko dituzte. Berastegi, Premietxeberri eta Elosiaga gaztandegietakoek jarriko dituzte gaztaren postuak.
Parte hartzaileak
Azpeitiko Udalak antolatzen du festa eguna, Dendartean, Odriozola Ardoak, Ederto Harakel eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren laguntzarekin. Baina Azpeitiko beste zenbait eragilek ere parte hartzen dute jai eguna antolatzen: Luix Beltza dantza suelto eskolako bi dantzarik mahatsa zapalduko dute, plazan, eta Izarraitz igeri elkartekoek jardungo dute lehiaketako txorizoak egosten eta pintxoak prestatzen. Gero, saldutako pintxoekin lortutako dirua elkarte horrentzat izango da. Odriozola zinegotziak txorizo egosi lehiaketan urteetan egindako lanagatik Misio Taldea eta Aisialdi Taldea eskertu ditu, eta baita Izarraitz igeri elkartea ere, txorizoa prestatzeko eta banatzeko zereginaren ardura hartzeko prest egoteagatik.
Ardo dastaketan lau sor-markatako 11 upategitako edariak zango dira: Arabako Errioxa sor markakoak Tobelos, Eguren Ugarte, Hariak Winery eta Ostatu; Errioxa sor markakoak Zinio, Valcuerna, Lan, Salceda eta Pierola; Nafarroa sor markakoa, Inurrieta; Penedes sor markakoa, Juve & Camps.
XII. Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketan parte hartuko duten hemezortzi harategiak, berriz, honako hauek dira: Valentin Odriozola (Azpeitia), Aitxumarri (Azpeitia), Kepa Loidi (Orio), Okela (Donostia), Arrizabalaga senideak (Mutriku, Gipuzkoa), Deba (Ormaiztegi, Gipuzkoa), Miren (Tolosa, Gipuzkoa), Pako (Olatzagutia, Nafarroa), Imanol Barriola (Tolosa, Gipuzkoa), Arteaga (Donostia), Agirre-Etxe (Arrasate, Gipuzkoa), Biyona (Zarautz), Bengoetxea (Donostia), Txarri Txiki (Aia), Otamendi (Arrasate, Gipuzkoa), Joxe Mari Barriola (Ibarra, Gipuzkoa), Zuazo (Dima, Bizkaia) eta Lopez de Goikoetxea (Urdiain, Nafarroa).
Arratsaldean ere, ekitaldi aukera
Azpeitiko Udaleko festa batzordeburuak gogorarazi du, eguerdi partean Ardo Dastaketa Eguna izango dela, eta arratsaldean festarekin segitzeko ekitaldi aukera izango dela Alde Zaharrean. Batetik, Bustintzuriko Errebaleko San Martin festen barruan, 16.30etik aurrera, sokamuturra, ogitarteko jana eta UK03 txarangaren emanaldia izango dira. Eta bestetik, 44. Euskal Antzerki Topaketen barruan, Birakolore kale antzerkia izango da Perez Arregi plazan, Zurrunka Teatroarekin. Gorputz txotxongiloen antzezlana da. Euria egiten badu, Azoka Plaza barruan egingo dute antzerki emanaldia.