Azpeitiko Elmubas Iberica enpresako langileek lehen enpresa hitzarmena sinatu dute ELA sindikatuaren bidez. Akordioak hainbat hobekuntza jasotzen ditu langileen lan baldintzetan, bai arlo ekonomikoan, eta baita lan eta hizkuntza eskubideetan ere.
Hitzarmenaren berritasun nagusietako bat euskararen sustapenarekin lotuta dago. Izan ere, enpresak euskaldunak kontratatzea lehenetsiko du aurrerantzean. Horrez gain, euskara ikasi edo hobetu nahi duten langileek irakasleekin eta lanaldiaren barruan ikasteko aukera izango dute. Bilerak euskaraz egin ahal izango dituzte, eta langileek dokumentazioa euskaraz eskatzeko eskubidea izango dute.
Arlo ekonomikoari dagokionez, soldata igoerak ere adostu dituzte. Diru sarrera txikienak dituzten langileek KPIaren igoeraz gain, hilean 100 euroko igoera lineala jasoko dute. Gainerako langileen soldatak ere igoko dituzte, KPIaren gainetik % 2 edo % 3, soldataren arabera.
Lan baldintzak hobetzeko beste neurri batzuk ere jasotzen ditu akordioak. Urteko lanorduak murriztuko dituzte –sindikatuak ez du adierazi zenbat– langileen osasuna hobetzeko eta lana eta bizitza pertsonala uztartzea errazteko. Gainera, enpresak fisioterapia zerbitzua ordainduko die langileei.
Hitzarmen hau sinatu arte langileek ez zuten ordezkaritza sindikal propiorik, eta sektoreko Espainia mailako hitzarmena aplikatzen zitzaien. 2026an egin zituzten lehen hauteskunde sindikalak, eta ordezkaritza sindikala osatu ondoren ekin zioten enpresa hitzarmena negoziatzeari.
Elmubas Iberica txakur eta katuentzako pentsu lehorra ekoizten duen enpresa da. Azpeitiko planta sektoreko Europako handiena da, eta 220 langile inguruk egiten dute lan bertan.