Azken txanpan sartu da Jubilatuen eta Pentsiodunen Astea

Mailo Oiarzabal

Baigera elkarteak antolatutako Jubilatuen eta Pentsiodunen Astea azken txanpan sartuta dago. Gaur, goizean Nuarbera irteera egingo dute Baigerakoek; otargintza erakustaldia eskainiko diete han, Sokatiraren Museoa ere bisitatuko dute, eta elkartean salda beroarekin barruak goxatuta itzuliko dira herrira.

Nuarbeko goiz pasa ez da izango, ordea, ostiraleko ekintza bakarra. 16:00etan, asteko bigarren bingo saioa egingo dute; astelehenean Sanjuandegiko Baigeran egin zuten, eta gaurkoa kalekoan egingo dute.

Bihar, mendi buelta egingo dute goizean Madariaga eta Aittola aldean, eta Aittola Zahar jatetxean hamaiketakoarekin borobilduko dute asteko azken irteera hori. Eta igandean, Jubilatuen Egunarekin bukatuko dute astea: 2026an 90 urte beteten dituzten 57 lagunei eskainitako omenaldi bazkaria izango dute eguneko hitzordu nagusia.

Hona hemen, Jubilatuen eta Pentsiodunen Astearen gaurtik igandera arteko egitaraua:

Gaur, ostirala

  • 09:30. Nuarbera irteera, San Martin egoitzaren aurretik. Otargintza erakustaldia, Sokatira Museora bisita eta salda.
  • 16:00. Bingo saioa, Baigera I-eko aretoan.

Bihar, larunbata

  • 09:00. Mendi irteera Madariaga-Aittolara. Ondoren, hamaiketakoa Aittola Zaharren.

Etzi, igandea

  • 11:00. Hamaiketakoa, Baigera I-en.
  • 12:30. Hildako bazkideen aldeko meza, parrokian.
  • 14:15. Omenaldi bazkaria eta 90 urte betetzen dituztenei opari banaketa, Azoka Plazan.

Argazkiotan, Iagomagoren astearteko magia saioaren eta atzo udaleko Gizarte Zerbitzuetakoek emandako hitzaldiaren uneak ikus daitezke.

(Argazkiak: Baigera)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide