Olazko Andre Mariaren Plazatik Santutxora igotzeko egungo eskailerak berrituko ditu Azpeitiko Udalak. Eremu horretako irisgarritasuna eta oinezkoen joan-etorriak "hobetzeko" helburuarekin gauzatuko du erakundeak obra hori. Guztira, 124.166 euro, BEZ barne, bideratuko dituzte proiektu horretara.
Lanak datorren astelehenean hasiko dituzte, eta erakundeak egin duen aurreikuspenaren arabera, hiru hilabete inguruko iraupena izango dute horiek. Hori hala, gaur egungo eskailerak ez dira erabilgarri egongo lanek irauten duten bitartean.
Itxiera hori tarteko, Santutxo auzunera ailegatzeko dauden beste bideak zein diren gogorarazi du udalak. Erakundeak esan du auzune horretara igotzeko Sanagustin kulturgunearen ondoko parkeko aldapa (giltza dutenek igogailua ere bai) edota Done Jakue kaleko eskailerak erabil ditzaketela herritarrek, baita karakoleko igogailua eta eskailerak ere.
Bi eremuak lotuko dituen eskailera berriaren proiektua. (Azpeitiko Udala)