Erasmus+ programa tarteko, Aachengo (Alemania) St. Leonhard Gymnasiumeko ikasleak Azpeitian izan dira astean zehar. Izarraizpe ikastola publikoko ikasleekin egon dira haiek, eTwinning proiektua garatzen. Zehazki, mahai jolas berriak sortzean datza proiektu horrek, eta bestelako ekintzak egin badituzte ere, horretan jardun dute ikasleek.
Hainbat hitzordu ere izan dituzte horiek, dena den; tartean, eta ohikoa denez, Azpeitiko udal ordezkariek harrera egin zieten herenegun Erasmus+ programa tarteko herrira etorritako ikasleei. Nagore Alkortak eta Ander Larrañagak hartu zituzten udaletxeko areto nagusian.