Herritarrek ez dute hutsik egin aurtengo Ardo Egunean ere. Egitasmo horren hemeretzigarren aldia egin dute gaur, eta eguraldia lagun, gazte nahiz heldu, ehunka lagun izan dira eguerdi partean plazan. Lau sor-markatako 11 upategitako ardoak dastatzeko aukera izan dute herritarrek 11:30etik 14:30era bitartean, eta Berastegi, Premietxeberri eta Elosiaga gaztandegietako gazta pintxoak nahiz txorizo mokaduak jatekoa ere bai. Gainera, aurten lehen aldiz, Izarraitz igeri elkarteko kideak aritu dira txorizo pintxoak prestatzen eta zerbitzatzen, eta bildutako dirua elkarte horrentzat izango da. Ohi bezala, eguerdiko lehen orduetan, Luix Beltza dantza eskolako ikasleak aritu dira mahatsa zapaltzen.
Aurten ere egin dute Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketa –hamabigarren edizioa izan da–, eta hemezortzi harategik parte hartu dute lehian. Izarraitz igeri elkarteko kideak arduratu dira txorizoak egosteaz eta epaimahaikideei dastatzeko emateaz. Epaimahaia Bertan merkatari elkarteko Lore Garciarenak, Mendizaliek tabernako Naia Plazaolak eta Eguzkitza tabernako Beatriz Larrañagak osatu dute, eta haiek aho batez ebatzi dute Tolosako Miren harategikoa izan dela aurtengo txorizorik onena, 30 puntu bilduta. Bigarren egin du Donostiako Maialen Okela harategiak (29 puntu), eta hirugarren saria ere Donostiara eraman dute Arteaga harategikoek (28 puntu).
Gainera, festa giroa baliatu dute hainbat lagunek datorren asteazkenean greba orokorra izango dela gogorarazteko. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren sinadura zuen pankarta handi bat eskuetan, kalez kale ibili dira dozenaka lagun, asteazkeneko greba deialdira batzeko deia eginez.