Azken txanpan dira Bustinzuriko Errebaleko festak

Julene Frantzesena

Ostiralean hasitako jaiak iritsi dira azken txanpara. Gaurko eguna ere ekitaldiz betea izan da; izan ere, eguerdi partean mokadua egiteko aukera izan dute herritarrek, baita irrintzi topaketaz gozatzekoa ere. Jaiei bukaera kaleko bazkariarekin emango diote Errebaleko bizilagunek. 

Ostiralean hasi ziren San Martin jaiak ospatzen Bustinzuriko Errebalean, eta hiru eguneko festak iritsi dira azken txanpara. Dena den, jaietako azken eguna izanagatik, festarako gogorik ez zaie falta izan herritarrei; izan ere, eguerdiaren bueltan, dozenaka herritar joan dira Errebalera, hitzartuta ziren ekitaldiez gozatzera.

Kale horretako trikitilariak aritu dira giroa alaitzen, eta dantzarako abagunea izan dute herritarrek, besteren artean, polka dantzatu baitute. Gainera, jatorriz sahararrak diren hainbat herritarrek hango jakiak nahiz tea eskaini dizkiete Errebalera joandakoei, baita henna bidez tatuajeak egin ere.

Kulturartekotasunaren lekuko, irrintzi topaketa egin dute, gainera, aurten ere. 12:00en bueltan, Errebaleko etxebizitza batzuetako balkoietatik aritu dira irrintziak botatzen hainbat lagun, banaka nahiz taldean, eta herritarrek txalo artean hartu dituzte horiek. Gainera, jaien antolatzaileek Bertaneko saltokietan gastatzeko hiru erosketa bonu banatu dituzte irrintzi topaketako parte hartzaileen artean. Datorren urteko jaiak iristeko zain geratzerako, kaleko bazkariarekin borobilduko dute eguna Errebaleko bizilagunek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide