Aurten 90 urte bete dituzten herritarrak omenduz amaitu dute Jubilatuen eta Pentsiodunen Astea

Ane Olaizola

Jubilatuen eta Pentsiodunen Astearen azken egunean Azoka Plazan elkartu dira eguerdian, eta omenaldi bazkaria egin dute aurten 90 urte bete dituztenek, horien senideek, Baigerako kideek eta zenbait udal ordezkarik. 

Baigeraren eskutik, askotariko ekintzak izan dituzte aste honetan adineko pertsonek, eta elkarteak antolatutako Jubilatuen eta Pentsiodunen Astea amaitzeko, aurten 90 urte bete dituzten herritarrak omendu dituzte Azoka Plazan. Ohiko moduan, mahaiaren bueltan elkartu dira omenduak, haien senideak, Baigerako kideak eta udal ordezkariak, eta bazkaria egin dute guztiek; 57 herritarrek jaso dute aitortza, guztiak bertaratu ez badira ere. 

Jubilatuen eta Pentsiodunen Astearen azken egunean, ordea, goizetik izan dituzte ekitaldiak horiek. Hasteko, hamaiketakoa egin dute Baigera I tabernan, eta ondoren, hildako bazkideen aldeko meza izan da parrokian. Eguerdian, berriz, Azoka Plazan elkartu dira guztiak, eta giro atseginean igaro dute omenaldi bazkaria: besteak beste, bi dantzarik hainbat pieza eskaini dizkiete, eta bazkalostean,  omenaldian parte hartu dutenek udalaren aitortza jaso dute. Omenduek familia argazkia ateraz amaitu dute juntadizoa, eta omenduen artean Imanol Lazkano bertsolaria zegoenez, eta hark hiru bertso botata borobildu dute arratsaldea herritarrek. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide