Asteburuan, Lagun Onaken emakumeen talde nagusiak, Ohorezko Erregional mailan jokatzen duenak, atsedena izan du. Espainiako Hirugarren Mailan aritzen den gizonen taldeak, aldiz, zapatu arratsaldean etxean jokatu zuen Pasaiaren kontra, dozenaka zaleren aurrean. Oso partida gorabeheratsua izan zen, oso gaizki hasi eta oso ondo bukatu baitzuten etxekoek; oraingoan behintzat azkenaldiko joeraren kontra, irabazten hasi eta galtzen bukatu beharrean, galtzen hasi eta irabazten bukatuta.
Partidara eskas sartu ziren Jose Luis Riberaren jokalariak. Lehen minutuan zutoinak libratu zituen gol bat jasotzetik, baina zazpigarrenean ez zuten horrelako zorterik izan, eta baloiak etxekoen atean bukatu zuen, Pasaiakoak markagailuan aurretik jarriz. Hamabosgarren minututik aurrera, ordea, zelaian erosoago sentitzen hasi ziren Lagun Onakeko jokalariak, baloiaren jabetza handiagoa izaten, baina aurkariari min handirik egin gabe iritsi ziren atsedenaldira, markagailua 0-1 kontra zutela.
Bigarren zatiari antzera ekin zioten, baloiaren jabetzarekin, baina arerioen atearen aurrean arrisku handirik sortu gabe. Minutu gutxira, pare bat jokalari aldatzea erabaki zuen entrenatzaileak, azken metroetan asmatzeko itxaropenarekin, eta bete-betean asmatu zuen Riberak. 65. minutuan, erasoko jokaldi batean, Mujikak Pasaiakoen atea zulatzea lortu zuen, banako berdinketa erdietsiz. Aipatzekoa, Pasaiakoen atezaina, Xuban Ibarguren, azpeitiarra dela, Garmendipeko harrobitik ateratakoa.
Berdinketaren golak partida irabazteko aukera zutela sinetsarazi zien Lagun Onakeko jokalariei, eta denak emanda garaipenarekin bila hasi ziren, 73. minutuan etorri zen bigarren gola. Yudegok zelai erditik ikusi zuen aurkarien atezaina aurreratuta zegoela, eta bertatik saiatzea erabaki zuen. Ibargureni buru gainetik pasatu zitzaion baloia, baina ezin izan zuen hura gelditzeko ezer egin. Markagailuan aurretik jarrita ere, etxekoek lanean gogor jarraitu zuten, Pasaiakoek partida berdintzeko egindako ahaleginak zapuztuz, eta 90. minutuan guztiz erabakita utzi zuten norgehiagoka, Danel Barriolak hirugarrena sartuta. Horrenbestez, 3-1 irabazi zuten etxekoek eta jokoan ziren hiru puntuak etxean gelditu ziren.