Loiolatarrek izan dute etxean sagardoa egiteko afizioa, eta ohitura horri eusten diotela erakusten du larunbaterako prestatu duten hitzorduak. Izan ere, eguerdi partean, 13:00en bueltan hasita, sagardo dastaketa egingo dute basilikaren aurrean. Auzoko hamahiru etxetako edari preziatua dastatu ahal izango dute herritarrek, baita Azpeitiko baserri batekoa ere.
Bost euroren trukean, edalontzia eta txorizo pintxoa eskuratuko dituzte herritarrek, eta horiek nahi adina sagardo dastatzeko aukera izango dute. Gainera, edatekoari laguntzeko, txorizo pintxoak ere salduko dituzte egitasmoaren antolatzaileek. Gainera, Izarraitz auzoko Berastegi baserrikoek gazta pintxoak eskainiko dituzte.
Aurtengoa Loiolako Sagardo Egunaren bosgarren edizioa izango da, eta izango da berrikuntza bat. Hain zuzen ere, Azkoitiko Santakutz baserriko kideek sagardo zukua egingo dute Loiolako zabalgunean, eta herritarrek edari hori dastatzeko aukera ere izango dute.