525 kilo hondakin atera dituzte Urola eta Ibaieder ibaietan egindako ibai garbiketan. Urtero bezala egin dute ibai garbiketa, baina udal bakoitzak bere aldetik egin beharrean, aurten Urola Erdiko Mankomunitateak kudeatu du egitekoa. Udalak azaldu duenez, garbiketa "modu koordinatuago eta osoago" batean egin ahal izan dute hala eskualdeko herrietan.
Azpeitian urrian egin zituzten garbiketa lanak, eta eskuz aritu dira ibaiko hondakinak erretiratzen, "ibaiari ahalik eta kalterik gutxien" egiteko. Bi eremutan banatuta egin dituzte lan horiek: batetik, Urola ibaian, Aldakaitz eta Basabe baserrien arteko 3,5 kilometroko tartean egin dute garbiketa, eta bestetik, Ibaider ibaian, Txarabarrena baserritik Azoka Plazara arteko 5 kilometroko tartean.
Bildutako hondakin guztia Laienera eraman dute, "behar bezala" sailkatu dezaten. Udalak jakinarazi duenez, bildu duten hondakin kopuru horretatik guztitik 351 kilo errefusa da, 109 kilo burdina eta 38 kilo plastikoa.