Olazko Andre Mariaren Plazatik Santutxora igotzeko eskailerak berritzeko lanak aste honetan hasi ditu Azpeitiko Udalak, asteartean hain justu. Obra horiek egin bitartean, eskailerak itxita daude. Beraz, Santutxo auzora igotzeko Iturri Txikiko (Done Jakue kalea) eskaileretatik, Sanagustin kulturgunean ondoko parke estaliko aldapatik edota Izarraitz pilotalekuko igogailutik joan beharko dute herritarrek. Udalak egindako aurreikuspenen arabera, hiru hilabete beharko dituzte obrak bukatzeko; otsailaren erdialdera arte, beraz.
Eremu horretako irisgarritasuna eta oinezkoen joan-etorriak "hobetzeko" helburuarekin egingo du erakundeak obra hori. Guztira, 124.166 euro, BEZ barne, bideratuko dituzte proiektu horretara.