Bideoklip bat sortzen ikasteko tailerra eskainiko dute Sorginorratzak egitasmoaren barruan

Andoni Elduaien

Azaroaren 18an hasiko da Sorginorratzak ekimeneko 'Bideoklipa' tailer berria. Ariane Aldalurren gidaritzapean, lau saio eskainiko dituzte Dinamoa sormen gunean. LH 5e eta LH 6 mailetako ikasleentzako izen-ematea zabalik dute dagoeneko.

Sorginorratzak kultur sormen laborategiaren barruan, Bideoklipa izeneko tailerra antolatu du Kulturaz kultur kooperatibak, datozen asteetarako. Ariane Aldalur dantzari azkoitiarrak gidatuko du hilabeteko ikastaroa, eta parte hartzaileek gorputza askatzeko, konfiantza irabazteko eta sormena lantzeko aukera izango dute, azken emaitza gisa bideoklip bat grabatuz.

Saioak azaroaren 18an, 25ean, abenduaren 2an eta 9an izango dira, eta 10-12 urte bitarteko gaztetxoei (LH 5 eta LH 6 mailetako ikasleak) zuzendutakoa izango da. Gainera, Kulturaz kultur kooperatibak zabalik du izen ematea, eta ikastorako izena ematean 20 euro ordaindu beharko dira.

Tailerraren helburu nagusia da ikasleek gorputzarekin eta irudimenarekin jolastea, dantzaren eta gorputz komunikazioaren bitartez. Horretarako, dinamika ezberdinak landuko dituzte saio bakoitzean: mugimenduekin jolasa, taldeko koreografia, emozioen lanketa edota kamera aurreko jarrera.

Dantzaz eta mugimenduaz gain, ikus-entzunezkoek ere protagonismo berezia izango dute. Gaztetxoak benetako izarren modura arituko dira, bai kamera aurrean, bai atzean; izan ere, zuzendari eta kamerari lanak ere probatuko dituzte. Tailerretan zehar landutako koreografia eta aurrelanketa guztia bideoz jasoko da, eta azken saioan bideoklipa sortuko dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide