Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatu duen Kapsula Kuantikoa Azpeitian izango da bihar, asteazkena. Fisika eta teknologia kuantikoak herritarrei modu irisgarrian, parte hartzailean eta erakargarrian hurbiltzea da Jaurlaritzak abiatu berri duen egitasmoaren helburua, eta hori hala izanik, herriz herri dabilen unitate mugikorrak herrian egingo du geldialdia.
Gune horretara sartzen diren parte hartzaileek esperientzia kolektibo bat bizitzeko aukera izango dute, fisika kuantikoaren oinarrizko hainbat printzipio eta eguneroko bizitzan dauden aplikazioak ezagutzeko. Ikus entzunezkoak eta panel interaktiboak ikusi ahal izango dituzte herritarrek bisitan, konplexuak izan daitezkeen edota eguneroko bizitzatik urrun dauden kontzeptuak ulertzen laguntzeko.
Goizean, 09:00etatik 14:00etara, aurrez erreserba egindako taldeek egingo dituzte bisitak; gutxi gorabehera 50 minutuko saioak izango dira. Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, 30 minutuko bisita egin ahalko dute herritarrek, aurrez erreserbarik egin gabeko saioetan.