Loiolatarrek izan dute etxean sagardoa egiteko afizioa, eta ohitura horri eusten diotela erakutsi dute gaurko Sagardo Egunean. Hain zuzen ere, eguerdi partean, sagardo dastaketa egin dute basilikaren aurrean. Auzoko hamahiru etxetako edari preziatua dastatu ahal izan dute herritarrek, baita Azpeitiko baserri batekoa ere. Jende dezente bertaratu da Loiolara sagardoaren aitzakian, eta giro ederra sortu da auzoan.
Bost euroren trukean, edalontzia eta txorizo pintxoa eskuratu dituzte herritarrek, eta nahi adina sagardo dastatzeko aukera izan dute. Gainera, Izarraitz auzoko Berastegi baserrikoek gazta pintxoak eskaini dituzte. Aurtengoa Loiolako Sagardo Egunaren bosgarren edizioa da, eta berrikuntza bat izan da. Hain zuzen ere, Azkoitiko Santakutz baserriko kideek sagardo zukua egin dute, eta herritarrek edari hori dastatzeko aukera izan dute.