Lagun Onakeko lehen mailako taldeek Irunen jokatu dituzte asteburuko neurketak. Emakumeen taldeak berdintzea lortu zuen Landetxa taldearen aurkako partida gogor eta lehiatuan; gizonek, aldiz, 2-1 galdu zuten Real Union B-ren aurka. Bi taldeek lan handia egin behar izan zuten markagailuari aurre egiteko, baina emakumeek eskuratutako puntuarekin baino ez ziren itzuli etxera.
Emakumeen taldeak Irungo Landetxa taldearen aurka jokatu zuen neurketa, hango zelaian. Partida ez zen ondo hasi Azpeitiko taldearentzat, Landetxakoek laugarren minutuan hartu baitzien aurrea, eskuin hegaletik egindako jokaldi baten ostean area txikian errematatzeko aukera aprobetxatuta. Hala ere, golak ez zuen Lagun Onak kikildu, eta markagailua iraultzeko lanean jarraitu zuen taldeak. Lehen zatian baloiaren jabetza eta jokoaren erritmoa eramatea kosta zitzaion arren, jokaldi on batzuk egitea lortu zuen, alde batetik bestera baloia mugituz. Horietako batean iritsi zen berdinketaren aukera: Naroa Altunak eskuin hegalean baloia eskuratu, eta erdiraketa egin zuen area barrura. Baloiak aurkaria eskuan jo zuen, eta epaileak penaltia adierazi zuen 35. minutuan. Amane Goenagak ez zuen hutsik egin, eta hala partida berdintzea lortu zuen. Atsedenaldira iritsi aurretik, Joane Kortak eta Maria Sorazuk aukera gehiago izan zituzten, baina ezin izan zuten bigarren golik sartu.
Bigarren zatia ere ildo beretik joan zen. Bi taldeei kosta egin zitzaien baloia alde batetik bestera eramatea eta jokoan nagusitzea. Landetxak aukera gehiago izan zituen, baina ez zuen ate aurrean asmatu. Horrela, 1-1ekoarekin amaitu zen partida, eta Lagun Onakekoak puntu bat eskuratuta itzuli ziren etxera.
Datorren igandean etxean jokatuko dute emakumeek, Añorga B taldearen aurka. Garmendipeko zelaian izango dute hitzordua, eta hiru puntuak etxean geratzeko helburuarekin zelairatuko dira Lagun Onakekoak.
Gizonak, punturik gabe
Gizonen lehen taldeak, aldiz, esku hutsik itzuli behar izan zuen Irundik etxera, Real Union B-ren aurka 2-1 galdu ondoren. Emaitza mingarria izan zen taldearentzat, neurketaren jokoak ez baitzuen markagailuak erakutsitakoa iradokitzen.
Lagun Onak izan zen baloiaren jabe nagusia, baina erasoan sakontasuna eta azken metroetan arriskua sortzea falta izan zitzaizkion. Etxeko taldeak, aldiz, bi hegaletatik egindako bi iritsieretan asmatu zuen, eta bi gol horiekin jarri zuen neurketa aldapan gora. Bigarren gola, gainera, lehen zatiaren azken minutuan iritsi zen; kolpe gogorra izan zen Azpeitiko taldearentzat.
Atsedenaldiaren ostean, Ribera entrenatzaileak aldaketak egin zituen taldeari freskotasuna eta erasoko indarra emateko. Aldaketen eragina 62. minutuan iritsi zen: Barriolak baloia sarera sartzea lortu zuen, eta Lagun Onak neurketan bete-betean sartu zen. Hortik aurrera, azpeitiarrak nagusi izan ziren. Berdinketa lortzeko ahalegin guztiak egin zituzten, baina azkenean ezin izan zuten markagailua gehiago mugitu.
Porrot mingarria izan zen, batez ere taldeak erakutsitako jokoaren eta jasotako golen arteko aldeagatik. Hala ere, taldeak badu zer hobetu, bereziki neurketen hasieretan, behin eta berriz markagailuan atzetik dela hasi baititu partidak.
Datorren asteburuan beste erronka gogor bat izango du aurrean Lagun Onakek: Eibar B taldearen aurkako neurketa. Astean zehar lanean jarraitu eta indarrak batu beharko ditu Azpeitiko taldeak, bolada txarrari buelta emateko.