Haurren eskubideak aldarrikatzeko ginkana prestatu dute ostiral arratsalderako

Julene Frantzesena

Hainbat ume jolasean, Jose Antonio Agirre plazako kioskoan.

Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna izango da datorren ostiralean, eta ludoteketako hezitzaileek ginkana bat prestatu dute. Jose Antonio Agirre plazan ekingo diote ginkanari, 17:30ean, eta umeek helduekin parte hartu beharko dute. Jolasa umeen oinarrizko eskubidea dela eta horrek duen garrantziaz ohartarazi nahi dute egitasmoarekin.

Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna izango da datorren ostiralean, azaroaren 20an, eta Azpeitiko Iturritxiki eta Txiki-Txoko ludoteketako hezitzaileek ginkana antolatu dute egun horretarako. 17:30ean hasita egingo dute haurren eskubideen ginkana, Jose Antonio Agirre plazatik abiatuta, eta Sanjuandegiko hainbat txoko zeharkatuko dituzte, probaz proba eta erronkaz erronka. 

Jolasa eta hausnarketa uztartzea xede duen jardueraren bidez, haurrek eta haien gurasoek arratsaldeaz gozatzeko aukera izango dute. Izan ere, ginkanaren helburua da haurren eskubideen inguruan kontzientzia piztea nahiz haurrentzako eta helduentzako jolaserako espazio segurua sortzea. Hain zuzen ere, jolasa haurren oinarrizko eskubideetako bat dela ohartarazi dute ludoteketako hezitzaileek, eta horren garrantzia azpimarratu nahi izan dute hitzorduarekin.

Haurrek eta helduek elkarrekin parte hartzeko prestatu dute hitzordua, eta ondorioz, umeak ez dira ludoteketako hezitzaileen ardurapean egongo ginkanak irauten duen denboran.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide